Etxez etxeko laguntzaileen greba deialdiarekin bat egin du EH Bilduk
«Langileen oinarrizko eskaerak onartzea eta indarrean jartzea» eskatu du koalizioak. Bestalde, egoera politikoa aztertzeko deialdia luzatu dute abertzaleek biharko.
Hondarribiko EH Bilduk etxez etxeko langileek iragarri berri duten grebarekin bat egin duela jakinarazi du gaur. Beharginen eskaerekin adostasuna agertu du koalizioak, eta «langileen oinarrizko eskaerak onartzea eta indarrean jartzea» eskatu dio enpresa kudeatzaileari. Halaber, «urratsak egin ditzala langileen eskubideak eta eskakizunak betetzeko» galdegin dio Hondarribiko Udal Gobernuari.
Bestalde, gaur egungo egoera politiko orokorra hizpide izango du Nerea Kortajarena legebiltzarkide gonbidatuak. Hondarribiko berriak modu laburrean ere aztertuko dituzte biharko deialdian, Muaran, 19:00etan hasita.