[Eguneratua] Irungo aurrekontuak onartzea adostu dute PSE-EE, Podemos eta EH Bilduk
2020ko aurrekontuak adosteko Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IU taldearen arteko akordioa sinatu dute gaur goizean. Arratsaldean berriz, EH Bilduk PSE-EErekin akordio batetara heldu dela berretsi du.
EFE agentziak jakinarazi berri duenez, Irungo Udaleko 2020ko aurrekontuak onartzeko adostasun batetara heldu berri dira PSE-EE taldeko kideak. Sozialistekin bat egin dute Podemos eta EH Bildu taldeek. Babes honekin gehiengoa duten arren, oraindik beste taldeen sostengua lortzen saiatuko dira sozialistak.
Elkarrekin Podemos taldeko lau zinegotzien eta EH Bilduko hiru zinegotzien botoekin, Jose Antonio Santanoren taldeak badu beharrezko babesa. 10 ordezkari ditu PSE-EEk udalean, hortaz, guztira 17 boto jasoko lituzke sozialisten aurrekontu proposamenak. Hau da, udaleko gehiengoak.
Bitartean, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-ek agerraldi bateratua egin dute gaur goizean udaletxean. Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IU taldearen arteko akordioa sinatu dute, 2020ko aurrekontuak adosteko. Adostasun horretan bildutako proposamenak ezagutu bezain laster, horren berri emango du HITZAk.
Jose Antonio Santanok Twitter bidez adierazi duenez, «ez da akordio bakarra izango. Elkarrizketa eta akordioak beti dira albiste onak». Eta eguerdian bertan EH Bilduk baieztatu duen bezala, PSE-EErekin akordio batetara iritsi dira. «EH Bildu erabakigarria denean irundarren bizitza baldintzak hobetzen dira», diote koalizio subiranistako kideek. Orotara, bost milioi euroko diru partida jasoko luke bien artean adostutako proposamenak.
Proposamen zehatzak
Bi taldeek adostutako aurrekontuetan gai ugari ukitu dituzte. Etxebizitza alorrean, honako proposamenak egin dituzte: Babes Ofizialeko etxebizitzak egiteko apustua egitea Alarde inguruan, etxebizitza hutsen inbentarioa egitea, emigrazio eraikinaren erabilera aukeratzeko prozesu partehartzaile bat egitea eta alokairu publikoa sustatzea. Honetarako 4.484.000 euro inberti nahi dituzte.
Trantsizio energetikorako neurriak hartzea ere bildu dute proposamenean (92.000 euro). Bestalde, eskoletan eta liburutegietan euskara sustatzeko apustua egin nahi dute, euskarazko kultur eskaintza handituz (100.000 euro). Merkataritza dagokionean, laguntzak emateko irizpideak handitzea eta merkataritza txikia sustatzeko diru partida handitzea (175.000 euro) bildu dute. Azkenik, PSE-EEk eta EH Bilduk memoria historikoa berreskuratzeko 200.000 euro inbertitu nahi dituzte.
PSE-EE taldeko Miguel Angel Paez ordezkariak dio datorren astearteko (hilak 28) plenoa «urteko garrantzitsuena» izango dela. «Irundarrei helarazi nahi diegu aurrekontuak aprobatuko direla, lasai egon daitezela».