Irun Hiria Musika Bandak kolaborazio berriekin hasiko du 2020a
Igandean eskainiko dute urteko lehen saioa. 'La vuelta al mundo en 80 bailes' emanaldia eskainiko dute Jon Menor, Josune Gurrutxaga, Agustin Alzaga eta Irati Munduate dantzari irundarrekin batera.
Irungo Hiria Musika Bandako kideek prest dituzte 2020. urterako lehen emanaldiak. Gaur bertan aurkeztu dute egitaraua Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak eta Bandako zenbait ordezkarik. Orain arte Irungo oholtza zapaldu ez duten zenbait musikarirekin batera ariko dira irundarrak.
Lehen saioa igandean (hilak 26) izango da, 1900etan. La vuelta al mundo en 80 bailes emanaldia eskainiko dute Jon Menor, Josune Gurrutxaga, Agustin Alzaga eta Irati Munduate dantzari irundarrek, Irun Hiria Musika Bandarekin batera.
Bigarren saioan Golden Apple Quartet talde ezagunarekin elkarbanatuko dute oholtza Irungo musikariek. Otsailaren 29an izango da, 20:00etan. Sarrerak jada eskura daitezke, 14,90 eta 9,60 euroan.
Martxoaren 29an eskainiko dute urteko lehen hiruhilekoaren azken emanaldia, 12:30ean. AEBetako zenbait konpositoreren obrak interpretatuko dituzte. Doako saioa izango dela iragarri dute antolatzaileek.