«Azken urteotako aurrekonturik progresistenak dira, ezkertiarrenak»
2020ko aurrekontuak onartzeko Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Podemos-en arteko akordioa sinatu dute gaur. EH Bilduk ere 5 milioi euro inguruko diru partida adostu du PSE-EErekin.
Irungo Udaleko 2020ko aurrekontuak onartzeko adostasun batetara heldu berri dira PSE-EE taldeko kideak. Sozialistekin bat egin dute Podemos eta EH Bildu taldeek. Ez da hiruen artean adostutakoa izan, izan ere, talde bakoitzak itun propioa sinatu du sozialistekin.
Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren babesarekin gehiengoa dute (17 boto), hortaz, badirudi aurrera aterako direla aurtengo aurrekontuak. Datorren astearteko (hilak 28) plenoan eztabaidatu eta bozkatuko dituzte.
Goizean agerraldi bateratua egin dute PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-ek. Bertan, 2020ko aurrekontuak onartzeko adostasun batetara heldu direla berretsi dute. Jose Antonio Santano alkatearekin batera Miguel Angel Paez ordezkaria (PSE-EE) eta Elkarrekin Podemos-eko David Soto eta Santi Jimenez izan dira. «Negoziaketa talde guztiei irekia egon da. 2020ko egonkortasuna bermatzeko lehen pausu bat da Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-rekin lortutakoa. Ez da bakarra izango. Elkarrizketa eta akordioa beti dira albiste onak», dio alkateak.
Sotok nabarmendu duenez, azken urteetako «aurrekonturik progresistenak dira, ezkertiarrenak». Formazio moreak jasotako proposamen guztiak bildu ez arren, pozik agertu dira, berdintasunean, ekologian eta gizarte justizian aurrera pauso bat emango dutela ikusten baitute.
EH Bildurekin, 5 milioi
Era berean, arratsaldean jakinarazi du EH Bilduk PSE-EErekin sinatutakoa: 5 milioi euro inguruko diru partida adostu dute, gai ugari ukituz. Etxebizitza alorrean, honako proposamenak egin dituzte: Babes Ofizialeko etxebizitzak egiteko apustua egitea Alarde inguruan, etxebizitza hutsen inbentarioa egitea, emigrazio eraikinaren erabilera aukeratzeko prozesu partehartzaile bat egitea eta alokairu publikoa sustatzea. Honetarako 4.484.000 euro inberti nahi dituzte.
Trantsizio energetikorako neurriak hartzea ere bildu dute proposamenean (92.000 euro). Bestalde, eskoletan eta liburutegietan euskara sustatzeko apustua egin nahi dute, euskarazko kultur eskaintza handituz (100.000 euro). Merkataritza dagokionean, laguntzak emateko irizpideak handitzea eta merkataritza txikia sustatzeko diru partida handitzea (175.000 euro) bildu dute. Azkenik, PSE-EEk eta EH Bilduk memoria historikoa berreskuratzeko 200.000 euro inbertitu nahi dituzte.