Klara Olazabalek zilarrezko domina eskuratu du Zeelanda Berriko Slalomeko Openean
Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzea du helburu aurten irundarrak. Bide onean doala erakutsi du asteburuan.
Zeelanda Berrian izan da asteburuan Santiagotarrak taldeko Klara Olazabal irundarra. Bertan jokatutako Slalomeko Openean parte hartu du, aurtengo denboraldia prestatzen hasteko. Helburu garbia du aurten Olazabalek: Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzea, C1ean.
Bada, bide onean doala erakutsi du asteburu honetan Olazabalek, maila onean dagoela. Larunbatean, sailkapen probetan, bigarren sailkatu zen irundarra. Igandean berriz, finalerdi eta finalak jokatu zituen, bigarren postua eskuratuz. Zelanda Berriko Jones-en 1,82 segundora sailkatzea lortu zuen.
Hurrengo hitzordua Ozeaniako Txapelketa izango du, otsailaren 1etik 3ra, Zeelanda Berriko Auckland hiriko kanalean. Bertan ere Ander Elosegi irundarrak hartuko du parte.