«Lan batzuek jateko ematen dute, besteek zoriontasuna»
Argazkilari lanak egin ditu Gari Garaialdek ‘Emakume migratzaile (AK) artean’ proiektuan. Azken boladan migrazioaren aferarekin lotutako proiektu ugari egin ditu, eta bide horretan jarraitzeko asmoa du hondarribiarrak.
Parean elkarteak Palmera Montero gunean gaur zabalduko duen erakusketaren argazkiak Gari Garaialdek egin ditu. Hondarribiarrak, zer, nola eta zergatik egin duen azaldu du.
Badirudi migrazioaren aferak zure eguneroko jardunean pisu handia hartu duela azken aldian.
Bai, hala da. Afrikatik datozen etorkin horiekin hasitako lana aurrez aurre topatu nuen Irunen, uste nuelako kasu egin behar zitzaiola. Egia da betidanik izan dudala migrazioaren inguruko kezka bat, eta nire buruari askotan esaten diot: ‘Zein da etorkina, zein ez?’. Nik beti esan dut ni Irunen etorkina naizela. Ni Hondarribitik Irunera etorri nintzen eta horrekin bakarrik, leku aldaketarekin bakarrik, etorkina naiz. Badakit ezin dela alderatu, adibidez, Senegaldik hona etorri den pertsona baten egoerarekin, baina gauza bat da egoera, eta beste gauza bat da ni lekuz aldatu naizela. Nik bizitzeko proiektu bat beste leku batean egin dut. Nire buruarekin banuen horrelako gogoeta bat, eta etxean beti esan dugu: ‘Ama Ondarroatik etorri zen, bere aita Ondarroatik Hondarribira etorri zen. Amona bat Beratik heldu zen…’. Nik uste dut denok dugula etorkin iragan hori. Beti banuen kezka hori, eta Irungo Harrera Sarearen afera etorri zen. Irungo gaiarekin oso sartuta egon nintzen, oso gustura.
Zerk erakarri zaitu gehien proiektutik?
BDS Koop-en hasi ginenean gaiarekin bueltaka ibili ginen, eta migrazioaren inguruan lantxo bat egiteko burutazioa izan genuen. Kasualitatez, Parean-ekin hizketan, gauza bera egiten ari zirela ohartu ginen, baina kasu honetan emakumeen ikuspegitik. Ez nuen zalantzarik izan proiektuan parte hartzeko.
Nolakoa izan da prozesua?
Hori arazo handi bat izan da. Egindako lehen elkarrizketa Hego Amerikatik etorritako emakume batekin izan zen. Eta nik banuen buruan pixka bat nola landu argazkien kontua, zerbait berezia egin nahi nuen, tokiarekin adibidez. Eta ja lehenengotik konturatu nintzen ezinezkoa izango zela batzuekin. Adibidez, Raquel [Lopez] izan zen lehenengoa, eta harekin geratzeko arazo handiak izan genituen. Lanean dabiltza inolako ordutegi zehatzik gabe edo ordutegi amaigabeekin, zitak egiteko arazoak izaten dituzte, eta aurrera eta atzera ibili gara denbora dezente. Azkenean lortu genuen egun bat, eta ordubete izan zuen gurekin egoteko, bere etxean elkartu ginen. Bertan egin nizkion argazkiak. Gero etorri diren beste batzuekin gauza berberaz ohartu naiz, aukera oso gutxi genuela geratzeko. Orduan, ibili naiz kalera ateratzen, eta argazkiak Irungo lekuren batean kokatzen. Batzuekin lotura gehiago lortu dugu, beraien Irungo oroitzapenekin lotutako toki batean atera ditugu adibidez, eta beste batzuekin ez da hainbestekoa izan lotura. Ezin izan dugu nahi bezain beste landu, baina beraien lan egoeragatik izan da. Horrek ere ikustarazi digu zein den beraien egoera, batzuena bereziki. Oso egoera prekarioan daude batzuk, azkenean genituen aukeren barruan jokatu dugu. Ez dugu landu hainbeste diskurtso fotografiko bat. Argazki erakusketa bat baino gehiago da, beraien testigantzak jendeari ikustarazteko aukera bat da, eta hor sartu dugun elementu bat da argazkia. Baina niretzako askoz ere garrantzitsuagoa da beste guztia. Argazkiarekin egiten duguna da lotu, historia horri aurpegi bat jarri.
Zein da protagonista hauen profila, zer nolako historia dute atzetik?
Denetik dago, eta nik uste dut hori izan dela interesgarriena. Bi etapa ezberdintzen genituen, eta hor oreka bat mantendu nahi izan dugu. Baina gero egia da ahal duguna egin dugula, konturatu gara denek ez dutela profil bera. Adibidez, badago Japoniatik etorritako bat, eta bere diskurtsoa eta berak kontatzen duenak ez du zerikusirik lanera Hego Ameriketatik etorri direnekin. Baina etorkin bat da, leku berri batera joaten zarenean nola sentitzen zaren eta zure bizitza zerotik nola hasten duzun landu nahi izan dugu. Gauza hori zen, horren inguruan hitz egitea. Japoniar honek ez du inolako arazorik izan, lurreratze oso leuna izan zuen. Egia da hasieran kultura talka handia sumatu zuela, baina ez du arazo ekonomikorik izan, eta beste batzuek, aldiz, asko. Ez dago profil bat, ez da gauza bera 1960ko hamarkadan tren bat hartu eta familia osoa hona etortzea, edo Ezkurratik Irunera etortzea. Profil oso ezberdinak dira, hori gustatu zait bereziki niri. Egia da Hego Amerikako hiru lagun horien historiak oso antzekoak direla, baina gero orokorrean ezberdinak dira. Hauek lanera etorri dira bizitza berri bat bilatzera edo ahalegintzera, eta momentu honetan daude seme-alaben kargu, dena bere herrian utzita, lan eta lan egiten aurrera egin ahal izateko… Badakigu denek zer den hau: lan oso prekarioak, zaintza lanak bereziki, eta baldintza oso eskasetan.
Bat-batean itzalean egotetik egunkarietan agertzera pasatu dira. Nolakoa izan da protagonisten erantzuna?
Hori falta zait, oraindik ez naiz beraiekin egon. Haiekin harremana izan nuen elkarrizketa garaian, ordutik ez naiz haiekin bildu. Argazkietan ateratzeko ia-ia mundu guztiak jarrera berdina du. ‘Niri argazkiak, zergatik?’, diote; eta adin bateko edo egoera sozial bateko emakume batzuen artean gehiago gertatzen da. Ez dute agertzeko ohitura hori. Ez zuten hori espero, eta hor dago nire ustez beraientzako ere interesgarria den puntu bat. Jarri ditugu inor ez direla pentsatzen duten horiek kamera aurrean. Uste dut polita dela horregatik, ez da soilik argazki erakusketa bat. Emakume hauek, guztiek, badute zerbait oso interesgarria kontatzeko. Ez naiz haiekin egon, baina uste dut emaitzarekin pozik egongo direla.
Zu pertsonalki gustura geratu zara lortutako emaitzarekin?
Bai, pozik geratu naiz batez ere bidearekin. Tamalez ezin izan dut denen elkarrizketetan egon, ez naiz beraiekin nahi bezala egon. Baina niretzako horrelako kasuetan interesgarria hori da. Gero argazkiarena oso ondo dago, baina beraien bizipenak lehenengo eskutik ezagutzea da funtsa. Niri argazkilaritzan betidanik gustatu izan zait elkarrizketak egin ditudanean osorik entzutea. Batzuetan aukera izan dut soilik bi argazki egin eta ospa egiteko, baina gehienetan gelditu egin naiz. Gauza asko ikasten dira elkarrizketetan, eta jendeak gauza oso interesgarriak ditu kontatzeko. Proiektu honetan ere hori izan da interesgarriena.
Hainbeste proiektu lantzen aritu arren, baduzu berririk buruan?
Gehiegi, bai [barrez]. Azkeneko urtean erabat utzita izan dudan Irungo etorkinen gaia berrartzeko gogoa dut. Hor, hasieran, lana oso gustura egin nuen, baina gero gauza asko sortu ziren eta tamalez utzi behar izan nuen. Sarearen barruan proiektu ugari nituen, baina ez nuen bukatzeko aukerarik izan. Eta ja bihar horrekin hastera noa. Asko deitzen dit mugaren pasoak, asko deitzen dit, ez dakit nola deitu, giza trafikoak, pasanteak, mafiosoak… Jarduera horrek arreta deitzen dit. Leku batzuetan muturra ondo sartu nahi dut. Buruan mila proiektu eta ideia ditut, baina gogo berezia daukat migrazioaren gaian sakontzen jarraitzeko. Bide horretan ere eguneroko prentsarekin jarraituko dut. Lan batzuek jatekoa ematen dute, lehenengo eta bigarren platera, eta beste batzuek, postrea eta bereziki zoriontasuna.
isaiz@hitza.eus