Irungo aniztasunari aitortza
Gaur inauguratuko du Irungo Parean elkarteak ‘Emakume migratzaile (AK) artean’ erakusketa. Azken hamarkadetan hirira etorritako emakumeen testigantzak modu berezian bildu dituzte.
Irun hiri plurala dela ukaezina da. Milaka migratzaile jaso ditu azken hamarkadetan hiriak, bereziki 1960ko hamarkadaz geroztik. Bizilagunen artean toki bat egitea lortu duten arren, askoren bizitza eta historia ezezaguna da irundarrentzat. Bada, errealitate hori gertuagotik ezagutzeko pausu garrantzitsua eman du Parean Berdintasunaren Elkarteak. Hirira iritsitako zortzi emakumeren testigantzak bildu dituzte, eta erakusketa berezi batean islatu.
Gaur bertan inauguratuko dute Emakume migratzaile (AK) artean erakusketa Palmera Montero gunean, eta hilaren 30era bitarte bisitatzeko aukera izango da. 19:00etan izango da ekitaldia, eta irundar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.
Azken urteotan elkarteak migrazioarekin lotutako lan eta proiektu ugari sortu ditu, eta 2019an egindako lanketa bereziari amaiera eman diote erakusketarekin.«Irun migrazio asko jaso duen hiria da. Hiriko historia kontatzeko beste ikuspegi bat jaso nahi genuen, nahiko isilarazia izan diren emakume hauena», dio Parean elkarteko kide Miren Lantzek. Orotara, zortzi protagonista aukeratu dituzte. «Bi belaunaldi edo migrazio olatu landu ditugu». Hala, lehenik 1960-1970 hamarkadetan Espainiako Estatutik heldutako lau emakumeren testigantzak bildu dituzte. Bigarren atalean, berriz, 2000. urtetik hona etorritakoak. Nafarroa, Caceres, Huesca, Salamanca, Japon, Nikaragua, Bolivia eta Peru. Bertan dute jatorria proiektuko protagonistek.
Adin, kultura eta arraza ezberdinetakoak izan arren, guztiek amankomunean zerbait dutela nabarmendu du elkarteak, atzetik duten historia. Parean-en hipotesia honakoa izan dela dio Lantzek: «Hasieran genion oinarrian emakume guztiek historia antzekoa izango zutela». Eta proiektuarekin baieztatu dutenez, hala da, testigantzak biltzean ohartu baitira bizilekuz mugitzera behartu dituzten arrazoiak eta beharrak berdinak direla, unibertsalak. Erakusketarekin, finean, «irundarrekin enpatizazio ariketa kolektibo bat» egin nahi dutela azaldu dute.
Gaurtik, zortzi emakume horien erretratuek apainduko dituzte Palmera Monteroko hormak. Irudiekin batera, protagonistek berek esandako esaldi bana gehitu dute, eta alboan, historia bakoitzari lotutako bertso pertsonalizatu bat. Irudiak Bostok agentziako Gari Garaialde argazkilariak egin ditu; bertsoak, berriz, Irunabarreko kideek.
Erakusketatik harago, aldizkari berezia kaleratzeko asmoa ere badu Parean-ek. Bertan, zortzi emakumeekin egindako elkarrizketak osorik irakurtzeko aukera izango da, bertso eta argazki guztiekin batera. 300 ale kaleratuko dituzte, eta gaurko aurkezpen ekitaldian hasiko dira banatzen. Internet bidez ere eskuragarri jarriko dute paperekoa.
Migratzea, beharra
Lourdes Rodriguez eta Raquel Lopez dira erakusketako bi protagonista, bien bizipen eta ametsak bildu ditu elkarteak. Bizitza berri baten bila euren herrialdea utzi behar izan zuten, eta guztiek bezalaxe, istorio luze bezain gogor bat dute atzetik.
Lopezek egun batetik bestera Nikaraguatik alde egin zuela kontatu du, 2012an zehazki. Lan bila heldu zen Irunera, ama eta bi semeak etxean geratu zirela. Hiru urte igaro zituen herrialdera bueltatzeko aukera izan arte, eta orduan erabaki zuen berriz ere Euskal Herrira itzultzera, oraingoan bai, semeekin batera. Ordutik bereziki zaintza lanetan jardun da, egoera erabat prekarioan. «Nire bizitza guztia maleta batean sartu behar izan nuen. Oso zailak izan dira urte hauek. Uste duzu hona heltzean gauza bat aurkituko duzula, eta etortzerakoan beste bat dela ohartzen zara», dio.
Erakusketaren bitartez, Parean elkarteko kideekin harreman estua egin du nikaraguarrak, eta oso pozik dago bere bizitza kontatzeko eman dioten aukerarekin. «Esperientzia ederra izan da niretzat. Hainbeste historia daude oraindik kontatzeko… Asko hunkitu naiz », aitortu du.
Rodriguez ere bizitza berri baten bila heldu zen Irunera, Salamancatik, 1958an, «bai ala bai lan egiteko beharra» zuelako. Bakarrik etorri zen, eta gerora anaia eta aitak ere pausu berbera eman zuten. 50 urte luze pasatu ditu Irunen, eta ordutik hamaika ogibide izan ditu. Baina irundar askok erdigunean 40 urtez zabalik izan duen janari dendagatik ezagutzen dute, emakume maitatua da auzoan. «Iritsi nintzenetik familia bat izan gara auzoan. Irun asko maite dut, hiriak eta herritarrek bereziki asko eman didatelako», dio, hunkituta.
Aitortza bezala jaso du salamancarrak Parean-en gonbita. «Ez nuen zalantzarik izan parte hartzeko. Bertso ederra egin didate gainera, benetan polita», gehitu du.