Egiluzen bildutako ilusioak
Elizak zabaldutako prozeduraren gainetik, 2020. urteari begira jarri dira gazteak dagoeneko. Auzibidearen inguruko ezjakintasuna medio, dinamika berarekin jarraitzea erabaki dute.
Ilusioarekin ekin zioten Hondarribiko gazteek gaztetxearen ibilbide berriari iazko apirilean. 34 urteren ondoren, gune autogestionatua berreskuratzea lortu zuten abandonu egoeran zegoen Egiluz jauregian. Herriko gazteek ilusio osoarekin okupatu zuten eraikin hura, eta «ilusio berberarekin» aurrera egiten jarraitzen dutela adierazi dute.
Lan handia egin dute apirileko egun hartatik gaurdaino. Biharko, esaterako, gazta tailerra antolatu dute, 18:00etan. Ondoren, noski, gazta dastaketa eta ardoa nagusituko dira. Hasieran, ordea, oso bestelakoa zen egoera. Apirila eta maiatzean auzolan ezberdinak gauzatu zituzten «desastre guztia konpontze aldera», azaldu du Urko Iridoy gaztetxeko kideak. Selektibitatera begira klaseak antolatu zituzten, baita selektibitate amaierako parranda egin ere. Udaran ekin zioten bestelako jarduerak antolatzeari eta gehienbat, Gazte Egunari begira jarri ziren. Iraila iristean, gehienek herritik kanpo ikasten dutenez, gazte asanbladak pisu handiagoa hartu zuen. Hala, urrirako eta azarorako egitaraua antolatzen saiatu ziren denen artean, eta antolaketa lanetarako oreka lortu zutenean, espero ez zuten kolpea jaso zuten.
Abenduaren hasiera aldera iritsi zitzaien gaztetxeko kideei epaitegiaren jakinarazpena: Elizak Egiluz jauregia berreskuratzeko auzi prozedura ireki zuen. «Ez genekien oso ondo zer egin», onartu du gazteak, «komunikatu bat argitaratu genuen Elizarekin kontaktuan jartzen saiatuko ginela esanez, baina azkenean, momentura arte jarraitutako dinamika berberarekin aurrera egitea erabaki genuen».
Gaztetxea husteko mehatxuaren aurrean elkartasunerako deialdia luzatu zuten gazteek, eta aitortu dutenez, auzokideek eta herritarrek orokorrean sostengu deiari erantzuna eman zioten. «Badakigu husteko arriskuan gaudela, baina ez dugu gauzak egiten gelditu nahi», dio Iridoyk. Hori horrela, San Tomas Egunean familia argazki bat egiteko aitzakiarekin hondarribiarrak gaztetxera gerturatzera deitu zituzten, eta nola ez, bide batez txistorra eta sagardoa dastatzeko aukera ere eduki zuten. Ildo beretik, Urte Zahar gauean Muara taberna ireki zuten gazteek eta San Tomasen egin bezala, bildutako dirua gaztetxeko gastuak apaltzeko bideratuko dute.
Elizak zabaldutako auzibidearen inguruan ez du gehiegi mintzatu nahi izan Iridoyk, izan ere, ez dakite noiz iritsiko den epailearen erabakia. Gaztetxea husteko agindua iristen bada, horrek zenbat denbora har dezakeen ere ez dakiela ohartarazi du, eta beraz, egoera honen guztiaren aurrean, orain arteko dinamikarekin jarraitzea dela biderik egokien erabaki dute.
Gazte Xaiatik, gaztetxera
34 urte igaro dira Hondarribiko gazteek Gipuzkoako aldundiarena zen harresien ondoko lokal hura okupatu zutenetik. 2010eko hamarkadan, bestalde, Gazte Xaia izeneko lokala kudeatu zuten gazteek Hondarribiko Udalaren bitartez. «Gure aurreko belaunaldia gaztetxea izaten saiatu zen 2012a aldera, udalaren bidez egin zuten, baina guk okupazioaren bidera jotzea erabaki genuen», dio Iridoyk.
Kexu agertu izan dira gazteak maiz Hondarribian haientzako aisialdi eta kultur eskaintzarik ez dagoela eta. «Orain 20 urte ditut. Gazteak izanda, beti pentsatu dugu herria ez dagoela guretzako bideratua, ez daudela gauza asko gazteentzat, alegia», deitoratu du. Izan ere, Saindua gaztelekuak 18 urtera arteko gazteak baimentzen ditu, eta gazteak dioenez, «gero ez dago ezer».
Hala, Gazte Xaiak aurrera urratsa egin izana txalotzen dute mugimenduko kideek, baina 2018ko urria aldean taldea desegin zenean formatu hori «nahikoa» ez zela iritzita, autogestionatutako gune bat nola lor zezaketen pentsatzeari ekin zioten. «Nola egin pentsatzen egon ginen, ondo informatu eta azkenean apirileko egun seinalatu hori iritsi zen», laburtu du Iridoyk.
Helburu bikoitzarekin jaio zen gaztetxea iazko Ostiral Santu hartan: bata, gazteentzat zerbait egoteko; bestea, politika jorratzeko gune bat edukitzeko. Ildo politiko bat jarraitzen dute bertan, bilerak egiten dituzte, eta ikasle mugimendua oso presente egoten da bilkura horietan.
Gazte kuadrillak lokaletatik ateratzeko ahalegina ere da gaztetxea. «Kuadrilla bakoitza bere aldetik zebilela uste genuen, bakoitza bere lokalean». Gaztetxea gazte orori, eta gazteak ez direnei ere, topagune bat eskaintzeko jaio zen, «azkenean, gaztetxea herriarena da. Etorri nahi duena, etor dadila, pote bat hartzera, tailer bat egitera, hitzaldi bat entzutera edo kontzertu bat disfrutatzera». Denak ongietorriak direla zehaztu du kideak.
Proiektuaren beharra
Bederatzi hilabeteko ibilbidea bete du gaztetxeak eta 2020. urteari begira jarri da aurrera egiten jarraitu ahal izateko itxaropenarekin. Orain arteko balorazio «positiboa» egin du Iridoyk: «Orain dela 30 urte herriak ez daukala gaztetxe bat, eta horrelako zerbait edukitzea beti da positiboa». Mugimendu baten alde elkartzeko eta elkartasuna adierazteko eskariari herritarrek emandako erantzuna «eskertzekoa» dela erantsi du. Alde Zaharrak behar zuen zerbait eman diotela ziur agertu da gaztea, «tabernak ixten dira, kulturalki ez dago ezer. Gu ari gara pixka bat bizitza hori ematen».
Otsailean parodia berreskuratuko dute gazteek
Gaztetxeko kideek 2020. urteko Inauterietarako parodia berreskuratzea erabaki dute. Azken urteetan ekitaldi honen inguruko interesa galdu den arren, «herriak parodia bueltatzea merezi duela» uste dute, eta beraz, deialdia zabaldu dute dagoeneko.
Bost minutu inguruko antzerkia, bakarrizketa edo performance bat prestatu beharko dute interesdunek. Helburua bakarra eta argia da: barre egitea. Izen ematea hondarribiko.gaztetxea@gmail.com helbidean egin daiteke.
Zalantzak dituzten herritarrentzako hilaren 25ean parodien dokumentala eta zenbait adibide aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. 18:00etan finkatu dute horretarako hitzordua, gaztetxean bertan. Pixkanaka informazio gehiago zabaltzen joango direla aurreratu dute