Ia 1,5 milioi euro Hirigintza eta Ondarea departamentura bideratuko ditu udalak
Mendeluko Iparra-Eskapatxulo, Santiago kalea, Arrantzale auzoa, hainbat eraikinen kontserbazioa, eta alokairurako babes ofizialeko etxebizitza kopurua handitzea dira departamentuaren erronka nagusiak.
Departamentuz departamentu 2020. urteko aurrekontua aurkezteari ekin dio gaur Hondarribiko Udal Gobernuak. Txomin Sagarzazu alkateak Hirigintza eta Ondarea atalera bideratuko den 1.448.159 euroko aurrekontuaren nondik norakoak ezagutarazi ditu gaur goizean. «Hiriaren berrurbanizazioa, etxebizitza eta Arma Plaza fundazioa» horren barne daudela zehaztu du agintariak.
Hori horrela, aurten aurreikusitako proiektuen artean daude: Mendeluko Iparra-Eskapatxulo eremurako proiektuaren erredakzioa, Santiago kalea eta Arrantzale auzoa berrurbanizazioa, eta zenbait eraikinen birgaitzea eta kontserbazioa. Horrez gain, alokairuaren promoziorako diru-laguntzak bideratuko dituela eta alokairurako babes ofizialeko etxebizitza kopurua handituko duela jakinarazi du. Azkenik, 400.000 euro Arma Plaza fundaziora zuzenduko dira.