DokuIrun, dokumentalen paradisua hirian
DokuIrun dokumentalen zikloa gaur hasiko da Amaia KZn, 'Zubiak' eta 'ETA, isiltasunaren amaiera' lanen proiekzioarekin. Sarrera doan da.
DokuIrun egitasmoaren hirugarren ekitaldia gaur hasiko da, 20:00etan Amaia KZn emango dituzten Zubiak eta ETA, isiltasunaren amaiera dokumentalekin. Jon Sistiagak (gaurko aurkezpenean egongo da) eta Alfonso Cortes-Cavanillasek egindakoak dira bi lanak hurrenez hurren. Zikloaren lehen saioa izango denean, baita hurrengoetan ere, aurkezpenak egingo dituzte egileek edo protagonistetako batek. Emanaldien bukaeran, mahai-inguruak egingo dituzte. Dokumentalen aroa zabaldu da hirian.
Aurreko edizioetan bezala, doan izango da dokumentalak ikusteko sarrera, baina gonbidapena eskuratu beharko da (turismo bulegoan jaso behar dira). “Kalitatezko ziklo bat eskaini nahi dugu, zinemaldietan eta mailako beste hitzordu batzuetan proiektatzen ari diren lanekin, eta ahal dela, etxeko jendearekin”, zehaztu du Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak.
Gaurkoaren ondotik, ondokoak dira zikloaren beste emanaldiak (denak Amaia KZn dira, 20:00etan):
- Otsailaren 14an, Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa.
- Martxoaren 6ko lana zehazteke dago, baina emakumeen gainekoa izango dela aurreratu du udalak.
- Martxoaren 20an, Greenpeacek ekoitzitako Sanctuary (Santuario). Talde ekologistako kideak izango dira emanaldia aurkezten. Recicla Birziklatu elkarteko kideak ere egongo dira: Irungo gazteen talde bat da.
- Apirilaren 3an, Oskar Alegriaren Zumiriki dokumentala. Alegria bera izango da saioa aurkezten.
- Apirilaren 17an, Alan Elliot eta Sydney Pollack-en Amazin Grace lana, Aretha Franklinen gainekoa.