Bizipoza egitasmoa aurkeztuko dute datorren ostegunean
Euskal Herriko 35 elkarte batzen ditu egitasmoak, eta haurrekin lotutako izaera bereziko gaietan familiei laguntza ematea du helburu.
Izaera bereziko gaiak jorratzen dituzten elkarteen inguruko Bizipoza egitasmoa, eta izen bereko dokuweba zein dokumentala Hondarribian aurkeztuko dituzte hilaren 23an, ostegunarekin. Kultur Etxean finkatu dute horretarako hitzordua, 19:00etan abiatuta.
Euskal Herriko 35 elkartek osatzen dute Bizipoza. Izaera berezia duten elkarteak dira denak, behar bereziak dituzten haurrekin eta haien familiekin lan egiten dutenak. Elkarte horiei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du helburu Bizipoza egitasmoak. Inongo irabazi asmorik gabe, elkarte horiek transmititzen dituzten baloreak jasotzen ditu proiektuak, horiekin aberastu eta hezitzeko, eta azkenik, balore horiek «gizarteratuz herri inklusiboagoa» eraikitzen saiatzen dira bultzatzaileak.
Egitasmoa ezagutarazteko eta gizarteratzeko xedearekin Bizipoza dokumentala eta dokuweba ekoiztu dituzte. Lehenak Bizipoza egitasmoa zer den azaltzen du, eta bigarrenak, elkarteen inguruko mikrodokumentalak ditu jasota, non «haur eta familia hauen istorio errealak» azaltzen diren. Izan ere, orotariko beharrak lantzen dituzten elkarteak batzen ditu egitasmoak.
Zabalpena, euskaraz
Egitasmoaren berri emateko helburuarekin zabalpen lanak aurrera eramaten ari dira bultzatzaileak momentu honetan. «Elkartasuna, auzolana eta bizipoza bezalako baloreak gizartean euskaraz zabaltzea» da hedapen horren xedea. Hiriburuetako aurkezpenen ondoren, orain, eskualdeka ari dira eta ostegunean, Hondarribiaren txanda iritsiko da.
Anabel Arraiza aktore, kazetari eta musikariaren gidaritzapean egingo dute aurkezpen ekitaldia. Eta Mindara elkarteko dantzariak, Txingudiko Bertso Eskolako ikasleak eta Marmoka musika taldea gonbidatu bereziak izango dira. Azkenik, Bizipoza dokumentala, eta Mindara, Ume Alaia eta Juneren Hegoak elkarteen mikrodokumentalak proiektatuko dituzte ekitaldian