Turismo Plan Estrategikoa ezagutarazi du udalak
Helburu orokorrak, zehatzak, lan ildoak eta proiektuak zehazten ditu 2020-2022 urtetarako ekintza planak.
Hondarribia marka sustatzeko helburuarekin Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak, Maria Serrano Turismo zinegotziak eta Iñaki Gaztelumendi aditu eta egileak. Hondarribia helmuga turistiko gisa sustatzea da helburu orokorretako bat, baina horrez gain, gaur egungo egoeraren analisia, helburu zehatzak, lan ildoak eta horiei lotutako 30 proiektu ere biltzen ditu proposamenak.
Iragan astean Serrano hautetsiak marka turistiko berriaren eta planaren lehen zertzeladen berri eman zuen. Eta gaurko aurkezpenean iragarpen horiek baieztatu ditu Gaztelumendik. Turismoa bultzatu nahi dute, baina «modu iraunkorrean», baita herritarren eta turisten arteko bizikidetza positiboki zaindu ere.
Abiapuntua finkatuta, lau lan ildo zehazten ditu proposatutako planak: Helmugaren lehiakortasuna hobetzea; Turismo produktuen garapena; Marketing eta promozio turistikoa; eta Gobernantza eredu berria eta turismoaren antolaketa. Hala, aipatutako esparruei atxikitako 30 proiektu horien artean daude esaterako, turismoaren kontseilua eta behatokia sortzea, komunikazio euskarriak sustatzea, Higer farolarako bidea hobetzea…
Publiko objektiboari ere erreferentzia egiten dio planak eta horien artean nabarmentzekoa da herria erakargarria suertatzen dela bakarrik bidaiatzen duten emakumeentzako, LGTBI bikoteentzako zein bikote mistoentzako edota senior turismoarentzako. Era berean, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Amerikako Estatu Batuetako (AEB) herritarrak erakartzea proposatzen du planak.
Madrilen izango da Hondarribia
Hilaren 22tik 26ra bitartean Madrilen egingo den Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) presente egongo da Hondarribia, Euskadi–Basque Country izeneko standean zein hiribilduen sarean. Sagarzazuk adierazi duenez, bi helburu orokorrengatik parte hartzen du udalak bertan: lehena, Hondarribiarekin zerikusia duten berritasunak aurkeztea, eta bestetik, hiribilduen arteko batzarra egitea.
Hori horrela, aurtengo berritasuna hiribilduen saretik dator bertan aurkeztuko baitute harresien inguruan edo barruan egindako musika emanaldien bilduma berezia.