2020ko Inauterietako kartel lehiaketa abiatu du udalak
Hilaren 30etik otsailaren 1era bitartean entregatu ahal izango dira lanak BAZ bulegoan. Sari nagusia 450 eurokoa da.
Hondarribiko Udaleko Kultura Sailak 2020ko Inauterietako kartel lehiaketa abiatu du jada. Edozeinek parte har dezake txapelketan, teknika librea izango da, eta lanek derrigorrez originalak izan beharko dute. Entrega epea hilaren 30etik otsailaren 1era bitartean zabalduko dute, lehen bi egunetan goiz eta arratsaldez, eta azkenekoan soilik goizez. BAZ bulegoan bilduko dituzte lanak.
Kartelak Hondarribia – Inauteriak 2020 leloa eraman beharko dute. Kartel irabazleak 450 euro jasoko dituela ere jakinarazi du udalak. 70×50 zentimetroko neurria behar dute izan kartelek.
Parte hartzen duten lanak jendaurrean erakutsiko dituzte otsailaren 17tik 29ra Arma Plaza informazio gunean.