490 poltsa berrerabilgarri banatuko dituzte baserritarren azokako bezeroen artean
Jute zuntz naturalez eginda daude poltsak, eta asteazkenetan Damarri plazako azokan edo launbatetan San Pedro kalekoan eskura daitezke.
Hondarribiko Udalak 490 jutezko poltsa bereganatu ditu baserritarren azokako bezeroen artean banatzeko helburuarekin. Jutea zuntz naturala da, sendoa eta iraunkorra, eta beraz, «erosketak arazorik gabe eraman ahal izateko» balio dute Juan Luis Silanes Kalixa Ingurumen zinegotziak agerraldian adierazi duenez.
Berrerabilgarriak diren poltsak erabiltzera bultzatu nahi dituzte herritarrak modu honetan eta bide batez, hondakinen kopurua murriztu, hautetsiak azaldu duenez. Baserritar bakoitzak bere bezeroen artean banatuko ditu poltsa hauek. Azkenik, postuetako karpen alboak eta sabaiak berritu dituztela jakinarazi du udalak.