Hiritik At kooperatibak jasoko du aurtengo Adinberri diru laguntza
'Elkarrekin Bizi' proiektua landuko dute aldundiaren diru laguntzarekin. Belaunaldien arteko etxebizitza kooperatiboen inguruko azterketa bat egingo dute.
Bigarren urtez segidan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri diru laguntzen deialdia egin du aurten. Bada, Irungo kooperatiba bat izan da aurtengo deialdiaren onuraduna. 16 onuradunen artean, Hiritik At Koop-eko Elkarrekin Bizi proiektua aukeratu dute, Errenteria-Oreretako Teknikaren Etxe Digitala-rekin batera. Belaunaldien arteko etxebizitza kooperatiboen azterketa egitea da Irungo kooperatibaren asmoa, etorkizunari begira «eredu izan daitezen».
Adinberri Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren proiektu estrategikoetako bat da. Gizartearen zahartzeari aurre egiteko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu, eta bide horretan, zahartze aktibo bezain osasuntsua bermatuko duten proiektu berritzaileak garatzeko diru laguntzen deialdia egiten du urtero.