Bueltan da Makers programa, teknologia berrien mundura gerturatzeko
Prototipoekin, 3D inprimaketarekin eta elektronika digital eta analogikoarekin lotutako jarduerak berreskuratu dituzte Irun Factory-n.
Aurten, bigarrenez jarraian, Makers programa martxan jarri dute Bidasoa Bizirik-ek eta Mondragon Unibertsitateak. Azaroan ekin zieten lehen saioei, eta ordutik astelehenero ate ireki jardunaldiak egiten dituzte Irun Factory-n (15:00etatik 19:00etara).
Maker jarduerak ezagutu eta horietan parte hartu nahi dutenei begirakoa saioak dira, hau da, prototipoekin, 3D inprimaketarekin eta elektronika digital eta analogikoarekin lotutako jarduerak eskaintzen dituzte bertan. Asmoa enpresak eta norbanakoak teknologia berrienen garapenera hurbiltzea du proiektuak eta horretarako, sormenerako ekipamendu teknologikoa erabiltzeko aukera dute bertan partaideek.
Azaroan hasi zirenetik jada 100dik gora lagunek hartu dute parte. Marisa Torres partaideak animatu ditu irundarrak Irun Factory-ra gerturatzera.«Oso interesgarria da Irunen Maker gauzak egiteko lokal bat izatea, eta jendea etortzera animatuko nuke, praktika horiek mundu guztiarentzat eskuragarriak direlako, teknologia uste duguna baino askoz errazagoa delako eta askotan uste duguna baino sormen handiagoa dugulako», dio.
Jardunaldien barruan, 16 urtetik gorako irundarrentzako tailer bereziak antolatu dituzte. Astelehenetan egingo dituzte, 17:00etatik 19:00etara.
Informazio gehiago, lotura honetan eskuragarri.