Denak dantzan jarriko ditu Amuak 'Back to the 90s' jaialdiarekin
1990eko hamarkadako musika estiloari gorazarre egiteko helburuarekin hitzordu ekidin ezina antolatu du Amuak.
2020. urteko lehen hitzorduaren berri eman du Amua musika elkarteak: Back to the 90s. 1990eko hamarkadari dedikatutako jaialdia izango da hilaren 25erako aurreikusitakoa. Saio bikoitza antolatu du Amua klubak horretarako, lehenik, Alta Fidelidad film luzearen proiekzioa bertsio originalean, «bere soinu banda itzelarekin», Amua klubetik esan dutenez. Itsas Etxea Auditoriumean emango dute filma, 18:00etan hasita. Debalde da jaialdia.
Ondoren, 20:00ak inguruan, 1990eko hamarkadako bideoklip maratoia izango da, hiru zuzendari handiek ekoiztutako lanen emanaldiarekin: Spike Jonze, Michel Gondry eta Chris Cunningham.
Gau partean iritsiko da jaialdiaren bigarren saioa. Uxoa tabernara lekualdatuko dute jaialdia eta Erimaya binilo disko jartzailea zuzenean ikusteko zein entzuteko aukera egongo da, 23:00etan abiatuta. Binilo eta etiketa gabeko musikazale amorratua da Erimaya hondarribiarra, genero eta estilo zehatz batera mugatzen ez den disko jartzailea.