Aldundiko lanpostuetarako 2.851 hautagai, Ficoban
Aldundiaren Enplegu Publiko Eskaintzako lehen azterketak egin dituzte gaur goizean Irungo erakustazokan. 101 lanposturako deialdia da.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2020/01/ficoba.png)
Betekada gaur goizean Ficoban. Gipuzkoako Foru Aldundiko Enplegu Publiko Eskaintzako (EPE) 11 deialdiren lehen frogak egin dira gaur goizean Ficoba erakustazokan: 2.851 hautagai zeuden deituta horietara. Hiru txandatan egin dituzte frogak: 09:00etan, 11:30ean eta 13:30ean. Horiek denek 101 plazatarako egin dute lehen azterketa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, erakundeko langileen erdiak erretiroa hartuko du datorren hamarkadan, eta horri aurre egiten hasteko 2018an onartutako EPEari dagokio gaur Irunen hasi den azterketa epea.
101 plazetatik, gehienek Ogasun sailarekin dute harremana. Honakoak dira, zehatz, plaza horiek: 25 Ogasuneko goi mailako teknikari plaza; 21 Ogasuneko erdi mailako teknikari plaza; 11 zerga agente plaza; 12 obra eta proiektuetako teknikari laguntzaile plaza; 7 delineatzaile plaza; 6 psikologo plaza; 6 arkitekto plaza; 4 berdintasuneko goi mailako teknikari plaza; 4 albaitari plaza; 3 ingurumeneko goi mailako teknikari plaza; 2 itzultzaile edo interprete plaza. Aurrerago, hiru plaza dituen artxibo eta zerbitzu orokorretako EPEa ere egingo da, desgaitasun intelektuala duten pertsonei erreserbatuta dagoena.
Eider Mendoza Gobernaritza diputatua Ficoban izan da goizean. Adierazi duenez, aldundia transformatzea eta modernizatzea da esku artean duten erronketako bat: “Pertsonak dira transformazio prozesu honen ardatza, eta erronka bikoitza da: alde batetik, belaunaldi berriak erakarri behar ditugu eta egungo gizarteak behar dituen profil berriak lortu; eta, bestetik, ezin dugu galtzen utzi erretirora iristen diren foru langileek duten ezagutza eta eskarmentua”.