Bideak garbitzeko kontratatutako zazpi lagunak lanean hasi dira jada
Erreka inguruak eta bide bazterrak garbitzean datza ekainera bitartean kontratatutako brigadaren lana.
Hondarribiko Udalak eta Lanbidek Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioaren bitartez, bide bazterrak eta erreka inguruak garbitzeko programa abiatu dute. Orain dela urte batzuk Jaizkibelgo itsasertza garbitzeko aurrera eramandako programa bera da kontratatutako zazpi lagunak garatzen ari direna. Oraingoan, ordea, beste gune batzuk txukuntzea egokitu zaie.
Juan Luis Silanes Kalixa Higikortasun, Ingurumen eta Nekazaritza zinegotziak azaldutakoaren arabera, Lanbidek gauzatu du hautaketa prozesua. Hainbat irizpide bete behar zituzten hautagaiek parte hartu ahal izateko, eta azkenean, «zazpi lagun kontratatu ditugu» adierazi du. Horien artean lau emakume eta hiru gizon daude, tartean bi koordinatzaile izendatu dituzte.
Momentura arte, Erribera, Zumardia eta inguruko baratzeak txukundu dituzte, eta orain, Txiplao ondoko errekarekin zein Alkartasuna elkarte inguruko bideekin hasi dira brigadako kideak. Ainhoa Uranga koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, arazo gehien dituzten guneak identifikatzen dituen plano bat dute eta bertatik hostoak eta zakarra jasotzea da haien lana.