ZALDUNBORDA
Jende ugarik parte hartu du ekologistek antolatutako Zaldunbordako bisitan
200 bat lagunek parte hartu dute Irunetik Zaldunborda Gainara antolatutako irteeran. Egitasmoak eragingo dituen ingurumen kalteak aztertzea izan da xedea.
Eguzki eta Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistek Zaldunbordara antolatutako bisita.
Eguzki eta Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistek Zaldunborda Gaina eremura bisita informatiboa egin zuten atzo. Eguzkiak lagunduta, 200 bat lagunek bat egin zuten hitzorduarekin, eta Hondarribia Village
outlet erraldoia eraikiko den eremuraino gerturatu ziren, eragingo diren ingurumen kalteak aztertzeko helburuarekin.
Mugimendu ekologistako adituek proiektuaren ezaugarrien berri emateaz gain, orain arte eragindako «txikizioa» eta eremuaren «balore naturala» izan zituzten hizpide. Nabarmendu zutenez, outlet erraldoiaren proiektua Natura 2000 sarearen hiru espazioen artean kokatuta egongo da, Jaizkibel, Jaitzubia-Txingudi eta Aiako Harria artean, «konektibitate aldetik berebiziko garrantzia» duen gunea dela ohartarazi zuten.
Azkenik, hainbat sektoretatik egitasmoaren aurka aurrera eramaten ari den kanpainari egindako «ekarpen gisa» baloratu dute bisita.