Abotsanitz: «Hondarribiko EAJk blues jaialdia erabili zuen Montai taldeari etekina emateko»
2015, 2016 eta 2017 ekitaldietan eman zirela irregulartasunak salatu du taldeak, hain justu, udalak jaialdia antolatzeko ardura zuen urteetan.
Blues jaialdia Montai enpresa taldeari etekina emateko erabili zuela leporatu dio Abotsanitzek EAJren udal gobernuari. 2013. urtetik 2017. urtera jaialdiaren antolaketa bere gain hartu zuen udalak, eta hain zuzen, 2015ean, 2016an eta 2017an eman zirela irregulartasunak salatu du alderdiak. Izan ere, zehaztutako ekitaldietan «muntatze zein desmuntatze lanak, azpiegituren alokairua eta beste lan batzuk» Montai enpresa taldeari «nahierara» eskaini izanaz akusatu du Abotsanitzek EAJ.
Harago jo du udal taldeak EAJren tokiko gobernuaren aurkako akusazioetan: «Ordainketak taldeko enpresa desberdinen bitartez egin ziren, eta ordainketa horiek zatikatu egin zituen udalak, kontratazio mahaia deitu gabe baimentzen den legezko muga ez gainditzeko». Are gehiago, lanak obra gisa izendatu zituztela gaineratu du taldeak, «eta ez zerbitzuen prestazio bezala». Alderdiaren arabera, legeak baimendutako kopurua handiagoa izate aldera egin zuen hori udal gobernuak, «gehienezko kopurua 50.000 eurokoa zen orduan obrentzako eta 15.000 eurokoa zerbitzuen prestaziorako».
Talde politikoak helarazitako datuek diotenez, 2015ean Montaik 60.500 euro fakturatu zizkion udalari bost fakturen bitartez, lau Montai Produkzioak enpresaren izenean, eta beste bat Kultur Kirol Zerbitzuak enpresaren bidez. 2016an, 53.282,59 euro fakturatu zituen Montai taldeak Montai Produkzioak, Estali eta Kultur Kirol enpresen bidez. Azkenik, 2017an, 51.058,37 euro fakturatu zituen enpresa taldeak Montai Produkzioak eta Estaliren bitartez. Azken ekitaldi honetan «falta larri bat» egon zela salatu du udal taldeak: «Azpikontratazioa». 2017an karpen muntatzea eta desmuntatzea Estalik fakturatu zituen arren, Asturiasko Grupo La Karpak egin zituela kritikatu du Abotsanitzek.
Amaitzeko, 2018. urtean jaialdiaren antolaketa esku pribatuetara itzuli zenean fakturazio osoa Montai Produzkioak enpresa bakarraren bitartez egin zuela adierazi du taldeak.