Udan, Hondarribitik Londresera
Hondarribiko aireportuak Londreserako hegaldiak izango ditu uztailaren 10etik irailaren 4ra. Atzo Ortzibiak egindako agerraldian jakinarazi zuten berria.
Ortzibiak, Hondarribiko aireportua sustatzeko erakunde arteko eragileak, agerraldia egin zuen atzo (ostirala). Bi gai nagusiren berri eman zuten: batetik uztailaren 10etik aurrera Hondarribia-Londres hegaldiak egongo direla, eta bestetik 2019ko erabilera datuen berri eman zuten.
Hondarribia-Londres hegaldiak astean bitan egingo dituztela iragarri zuen British Airways CityFlyer-eko zuzendari komertzial Rachel Rielyk. Hala, uztailaren 10etik irailaren 4ara arte, astelehenetan eta ostiraletan 13:30ean aterako dira hegaldiak Hondarribitik Erresuma Batuko hiri nagusiko London City aireportura (hiriaren erdigunean dago). Handik hona, ostiraletan (09:10) eta astelehenetan (09:15) itzuliko dira. Jada txartelak eskuratzeko aukera dago.
2019ko datuak
Arantxa Tapia Ortzibiako Administrazio Kontseiluko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak nabarmendu zuen 2019an aireportuak hazkunde nabarmena izan duela, 315.000 bidaiarik baino gehiagok erabili dutela, “ez ziren horrelako zenbakiak ezagutzen 2009tik”. Bartzelonako lineak %17 gehitu du erabiltzaileen kopurua, eta Madrilgoak %7,2. Ohikoak ez diren hegaldien gorakada ere nabarmena izan da —maila altuko turismokoak, edo enpresen jarduerenak dira— %32 hazi baita hegaldi horien kopurua.
Hazkundearen oinarrietako bat, A320neo hegazkina aireportua erabiltzen hasi dela adierazi dute, eta urte bukaerarako, gerturatze sistema berrian martxan izango dela jakinarazi dute. Markel Olano ahaldun nagusiak, bere aldetik, aireportuaren aldeko apustu “argi eta irmoa” berretsi zuen.
Atzoko agerraldian, Rachel Riely, Arantxa Tapiaz eta Markel Olanoz gain, Felipe Quintela British Airways CityFlyer-eko salmenta arduraduna; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua; Antonio Aiz, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordea; Pedro Esnaola, Gipuzkoako Bazkundeko presidentea; eta Jose Manuel Sanchez Losada, Donostia-Hondarribia aireportuko zuzendaria izan ziren.