Sorotan Bele Gogoan, talde eta aro oparo bat oroitzeko
30 urte dira hondarribiarrez eta lezoarrez osatutako taldeak bidea hasi zuenetik. Herrietako musika bandekin ikuskizuna egingo dute Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak.
Sorotan Bele itzuliko da. Ez talde osoa, ezta ohikoa zuten formatuan. Baina berriz ere euren kantak entzungo dira. Baga Biga Produkzioak ekoiztetxeak jakinarazi du Sorotan Bele Gogoan ikuskizuna sortu dutela, eta herriz herri eramango dutela. Sorotan Beleren ordezkariak ikuskizun horietan Gorka Sarriegi eta Urbil Artola izango dira, eta gainerakoa tokian tokian joko duten herrietako musika bandek jarriko dute. Xabier Zabalak moldatu ditu taldearen kantak ikuskizunerako.
Aurten 30 urte beteko dira hondarribiarrez eta lezoarrez osatutako taldea sortu zenetik. Ekoiztetxeak azaldu duenez, ikuskizunaren helbururik nagusiena da Sorotan Beleren kantuek utzitako ondarea transmititzea, “herrietako musika bandekin, eta denok elkarrekin abesten. Aukera ezin hobea dela uste dugu taldearen abestietaz berriro gozatzeko”.
Ikuskizunaren barruan taldearen abestirik gogoangarrienak daudela ziurtatu du Baga Bigak. Orain, non emango duten zehazteko egutegia prestatzen ari dira. Herriren batek hori jaso nahi badu, Baga Bigarekin jarri behar du harremanetan posta elektronikoz, edo telefonoz (659 975 820).
Gorka Sarriegi, Mikel Errazkin eta Urbil Artola hondarribiarrak izan ziren, nolabait esateko, Sorotan Beleren lehen hazia erein zutenak. Gerora batu zitzaizkien Ritxi Salaberria, Aitor Etxaniz, eta Ixiar Amiano nahiz Mikel Izulain lezoarrak.
Lezoko Musika Eskolan hasi zituzten lehen entseguak, eta Txomin Artolaren etxean grabatu zuten lehen maketa; horrekin Euskadi Gaztearen Maketa Lehiaketa irabazi zuten. Hortik aurrera, dena izan zen gorantz joatea, ibilbidean lau disko argitaratuz. Ondokoak dira:
- Sorotan Bele (Elkar, 1992)
- Mundu Hegian (Elkar, 1994)
- Victoria Eugenia antzokian, zuzenean (Larrazabal, 1996)
- Jonen Kezkak (Hirusta Records, 1996)
1996ko azaroaren 30ean eman zuen Sorotan Belek azken kontzertua, Irungo Amaia antzokian. Aurretik, agur biran, Donostiako Viktoria Eugenian zuzeneko diskoa eta bideoa grabatu zituzten.