Klase magistrala eskainiko du Idoia Beratarbide artista oiartzuarrak
Pintura, ilustrazioa eta eskulturaren mundua gerturatuko die herritarrei hilaren 18an (larunbata da), Udal Marrazki eta Pintura akademian.
Irungo Udal Marrazki eta Pintura akademiak klase oso berezia eskainiko du datorren hilaren 18an (larunbata da). Izan ere, Idoia Beratarbide artista oiartzuarrak pintura, ilustrazioa eta eskulturaren mundua gerturatuko die herritarrei.
Bi zatitan banatuko dute klasea. Goizean artistak bere obren eta ibilbidearen inguruan ariko da, eta bertan obra bat hasi eta bukatuko du. Arratsaldean berriz, partaideek lan bana egingo dute, Beratarbideren laguntzarekin.
10:00etan hasiko dute klasea, eta 18:00ak bitarte lanean ariko dira. Klasearen prezioa 32,40 eurokoa da, eta izen ematea, ondorengo bi telefono zenbakien bidez egin daiteke: 606 220 417 edo 695 752 994.
Artista polifazetikoa da Idoia Beratarbide oiartzuarra, artearen ia diziplina guztiak ukitu ditu azken urteotan. Oiartzungo 100tze sormen espazioan egiten du lan 2013tik. 2018an elkarrizketatu zuen HITZAk. Hemen irakur daiteke.