Hondarribiak marka turistiko berria du
Markaren aurkezpenarekin batera komunikazio kanal berriak ezagutarazi ditu udalak. Turismoaren Plan Estrategikoaren baitan kokatuta dago kanpaina.
Hondarribiko Udaleko Maria Serrano Merkataritza eta Turismo zinegotziak Hondarribiko marka turistiko berria aurkeztu du gaur goizean Hondarribia, Euskadi bete-betean lelopean. Komunikazio kanpaina berri bati heldu nahi dio hemendik aurrera udalak marka indartzeko helburuarekin. Datorren astean aurkeztuko duten 2018-2022 Turismorako Plan Estrategikoaren barruan kokatuta dago kanpaina berria.
Tokiko gobernuak turismoaren kudeaketa berreskuratu nahi du modu honetan, orain arte beste erakundeen esku gelditu baita, bigarren planoan, Serranok azaldu duenez. Hori dela eta, «Euskadiren esentzia laburbiltzen duen helmuga gisa proposatzen du [Hondarribia]: itsasoa, baserria, ondare historikoa, mendia, gastronomia, jaia, tradizioa, kirola, euskara, segurtasuna, bizikidetza eta bizi-kalitatea», gehitu du.
Marka berriaz gain, euskarri berriak ere abiatu ditu udalak, sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Pinterest) zein interneten.
Turismo plana
Datorren astean udalak aurkeztuko duen 2018-2022 Turismorako Plan Estrategikoaren nondik norakoak ezagutarazi ditu hautetsiak gaurko agerraldian. Zehaztutako helburu orokorren arabera, turismoaren ikuspuntutik Hondarribiko eta hondarribiarren bizi maila kalitatea bermatzea bilatzen du planak Serranoren arabera, «turismoa iraunkorra izatea, kalterik ez eragitea, baliabide propioentzako inbaditzailea ez izatea, eta erakargarria suertatzea». Bestalde, Hondarribiko baloreek «segurtasuna, bizikidetza eta bizi kalitatea» uztartzen dituela nabarmendu du.
Helburu estrategikoei dagokienez, ondokoak izan ditu hizpide zinegotziak:
- Turismo-gobernantzako sistema inklusiboa, parte-hartzailea eta adimenduna sendotzea.
- Turismo-jarduera Alde Zaharra eta Portutik beste zonaldeetara zabaltzea.
- Turismoaren eta biztanleriaren arteko harremana hobetzea.
- Turismoaren emaitza ekonomikoak eta sozialak hobetzea.
- Bisitariaren esperientzia hobetzea.