Gabonetako kanpaina "positiboki" baloratu du Irungo Udalak
Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, pozik azaldu da udala ekintza eta jarduerek izandako harrerarekin.
Irungo Udalak azken asteotan Gabonekin lotuta egindako kanpainaren inguruko balorazioa egin du gaur. Positiboki baloratu dute herritarrek orokorrean emandako erantzuna. Halere, eguraldi txarragatik ekitaldi eta jarduera batzuek iaz baino bisita gutxiago jaso dituzte.
Izotz pista izaten da Gabonetako erakarpen nagusietako bat. 7.202 lagunek jarri dituzte patinak aurten, iaz baino datu okerragoa, lehen astean egindako eguraldi txarraren eraginez. Kultura arloko eskaintzak ere arrakasta izan duela ondorioztatu du udalak. Amaia Kultur Zentroa beste urte batez lepo utzi dute irundarrek, bertan eskaini dituzten hamaika ekitaldiez gozatzeko.
Hiriko merkatari txikiak ere oso pozik azaldu dira kanpainarekin. 21 komertziok hartu dute parte Gabonetako azokan, eta udaletik diotenez, dendariek eskertu dute udalaren babesa. El Baul de las ideas eta Ikhor Boutique komertzioek esaterako, balorazio oso positiboa egin dute: «datozen edizioetan parte hartzeko aukera izanez gero, pozik irekiko dugu berriro».
Pio XII plaza eta bertan egindako ekitaldiak izan dira aurtengo kanpainako kaltetuenak, eguraldi txarrak behartu baitzituen bertan kokatutako instalazioa kentzera. Gainera, kaleko animazioak ere arrakasta handia izan du udalaren arabera.
Olentzeroren eta Errege Magoen etorrerek ere milaka lagun bildu dituzte aurten, eta San Tomas egunak izandako harrera ere nabarmendu nahi izan du udalak.