Arrantzaleen azaletik osatutako bilduma
'Axalian’ izenpeko argazki erakusketa ikusgai jarri du hil honen amaierara arte Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrak Arma Plazan. Marinelak ardatz hartuta, haien egunerokoa argazki bidez irudikatzen saiatu da.
Ondokoen azalean jartzea zaila izan ohi da zenbait pertsonentzat, eta egoera, bizimodu, ofizio edota afizio batzuk ulertezinak izan daitezke hori egin ezean. Besteen azalean jartzeak ahalbidetzen du enpatia sentitzea; baita haien egunerokoa nolakoa den modu errealenean erretratatu ahal izatea ere. Eta hori egiten saiatu da Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarra Axalian izenpeko erakusketaren bitartez.
Arrantzaleen egunerokoa islatu du Ortolaizek irudi sorta honetan, eta Arma Plaza informazio gunearen bigarren solairuan kokatutako aretoan erakusgai jarri du, debalde, denen eskura, herritar orok marinelen axalian jartzeko aukera eduki dezan. Bi marea luze eta bi labur egin zituen hondarribiarrak bertako barkuetan, eta esperientzia «gogorra» bezain «polita» izan zela onartu du.
Halako egoeratan sentimenduak nahastu egiten direla argi dio, eta bakardadea sentitu arren, taldearen elkarbizitza eta elkartasuna goratu ditu. «Kristoren talde lana egiten dute, inoiz ez dut horrelako zerbait ikusi. Askotan koreografia bat ematen du, dena oso landuta dago, kanabera edo salabardoa esku batetik bestera nola pasatzen den ikusten duzu, eta mugimendua etengabekoa dela konturatzen zara, makinak baino hobeto mugitzen dira». Talde lana ondo ateratzeko giro ona egotea ezinbestekoa da, eta gatazkak berehala konpontzen dituztela azaldu du Ortolaizek, «familia handi bat bezala dira».
Inguruan arrantzan dabiltzan beste itsasontziekin ere harreman ona izaten dute, kontaktua etengabekoa izaten da, eta batzuetan arrain sardak non dauden elkarri abisatzen dioten arren, beste batzuetan, ezkutatzen dute. Trikimailuak trikimailu, egun osoa lanean ematen dutela argitu du: «Arrantzan ez daudenean, janaria prestatzen edo dena garbitzen egoten dira».
Noiz itzultzeko zain
Gogorra bezala definitu du argazkilariak arrantzaleen bizitza, baina adierazitakoaren arabera ere, ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den, edo noiz itzuliko diren. «Badakizu noiz atera behar zaren, baina ez dakizu noiz izango zaren bueltan», azaldu du. Horrek baldintzak zailtzen ditu, eta horregatik, lurrera gerturatzen hasi bezain pronto, arrantzale guztiak sakelako telefonoarekin estaldura bila hasten direla gaineratu du, «senideak ondo daudela jakiteko, eta zu ondo zaudela haiek jakin dezaten». Hala ere, hori kasurik onenean gertatzen dela zehaztu du Ortolaizek, arrantza egiten dutenean, alegia, bestela nabigatzen jarraitzen dute arrain sardak aurkitu arte edota hornidura guztiak bukatu bitartean.
Horrez gain, itsasoak berezko dituen arriskuak ere hizpide izan ditu argazkilariak. Marinelak koreografia batean ariko balira bezala ikusten bazituen arren, «baranda askatu bezain pronto» lurrera erortzen zela aitortu du. «Olatuek alde batetik bestera mugitzen dute etengabe barkua, urak leku guztietatik jotzen zaitu, eta leku guztietan sartzen da. Arrantzale batek nire kamera salbatu zuen horietako batean», gaineratu du Ortolaizek.
Esperientzia «bizia» izan da argazkilariarentzako arrantzaleekin bizitzakoa. «Oso polita eta oso aberasgarria izateaz gain, asko ikasi dut, tontokeriak alde batera uzten batez ere». Gomendagarria iritizi dio esperientziari, baina «pixka bat arduragabe» ere jokatu duela onartu du. Objektiboaren atzetik begira egoteak etengabe «beste errealitate batera eramaten zaituela» aitortu du: «Bapatean olatu handi batek jotzen zaitu eta kamerak esku artetik ihes egiten dizu. Arriskua hor dago».
Historia erretratatuz
Sare konpontzaileen omenez Hariya izenburupeko argazki erakusketa ikusgai jarri zuen Ortolaizek iaz. Aita kenduta, familia osoa arrantzalea du, eta haien mundua galduz doala sentitzen du. Proiektuari ekitea erabaki zuenean, saregileekin hastea hobetsi zuen: «Sare konpontzailerik gabe ezin dute arrantzara joan».
Nekazariak argazki bidez irudikatzea gustatuko litzaioke Ortolaizi hurrengoan. Izan ere, Hondarribiko lan historikoak galtzen ari direla sinetsita dago, «hemen beti izan dira arrantzaleak, nekazariak eta kaletarrak artisauak zirela, eta azken horiek desagertu dira jada», esplikatu du. Hori dela eta, «behintzat arrantzaleak eta nekazariak» irudikatzea nahiko luke.
Momentuz hala ere, Axalian erakusketaren zurrunbiloan dagoela oraindik ere onartu du, eta urduritasuna agerian ere geratu da: «Omenaldi bat da azkenean, arrantzaleentzako, familientzako eta herriarentzako. Egiten dutenari balioa ematea izan da helburua».