«Bioi irakurtzea gustatuko litzaigukeen komiki bat egin dugu»
Batera egindako lehen komiki luzea kaleratu dute irundarrek. Yurre Ugartek testua jarri du, Joseba Larratxek, berriz, iruditeria.
Orain arte elkarrekin egindako lan handiena izan da. Aspalditik dator ideia?
Yurre Ugarte: Bai, aspalditik dator. Josebarekin [Larratxe] batera zientzia fikziozko lan bat egitea nuen buruan, orain dela zazpi urte inguru hasi ginen horrekin. Azkenean alde batera utzi genuen, eta hemengo argitaletxe batekin hasi ginen lanean. Zerbait egingarriagoa egitea proposatu ziguten, dimentsio txikiagokoa. ‘Zergatik ez?’, esan nuen orduan, eta eleberria sortzeko nire ingurua ikertzen hasi nintzen. Begiratu nuen nire inguruan ea zeri buruz aritu nahi nuen. ‘Zer gertatzen ari da nire inguruan? Zein jende daukat inguruan?, Zein borroka dauzkat gertu?’. Orduan pentsatu nuen hori fikziora eramatea eta pertsonaia batzuk eraikitzea, nire inguruko errealitateak inspiratuta.
Orduan egin zenuen topo Joana eta Lauren protagonistekin, ezta?
Ugarte: Halaxe da. Horretarako, aspalditik erakusketa baterako Irunen egindako argazki batzuk baliatu nituen, 2002an ateratakoak. Emakume zahar bati atera nizkion argazki batzuk nituen, sekulako historia zuen atzetik gainera, eta pentsatu nuen horretan oinarritzea. Ez nuen emakume horren istorioa kontatu nahi, baizik eta andre zahar horretan oinarrituta pertsonaia bat asmatuko nuela erabaki nuen. Bide horretan Lauren sortu nuen, komikiko emakume zaharra. Horrekin batera zihoan bere alter ego-a edo ifrentzua izango zen emakume gazte profesionala, hau da, Joana Maiz protagonista sortu nuen.
Zer transmititu nahi izan duzue komikian?
Joseba Larratxe: Erresistentzia istorio bat kontatu nahi genuen hasieratik, Yurrek esaten duen bezala, txanpon beraren bi aurpegi diren emakume hauen erresistentzia istorioak, alegia. Laureni tokatu zaio bizitza osoan erresistitzea, eta bestea aldiz gaztea milenial arrakastatsu bat da, bizitza osoan ez duena erresistentziarik egin behar izan. Komikiaren hasieran ikusten dugu nola hondoa jotzen duen Joanak, eta dena pikutara joaten zaion. Orduan konturatzen da bera ere erresistentzian hasi behar dela, eta aurkitzen du inspirazioa inoiz usteko ez zuen beste emakume honetan. Gero, bien artekoa da istorioaren muina. Batak bestea nola laguntzen duen.
Ugarte: Profesional milenial hau casting agente bat da, eta mahai gainean Euskal Herriari buruzko dokumental baten betiko ideia du, gizon ospetsuz betetakoa. Orduan hasiko da istorioa, horri bira ematen dionean. Komikian ari gara esaten zer den betikoa, zer litzateke ez betikoa izatea, eta zergatik, nola heltzen garen betikora.
Hortaz, betikotik aldentzen da protagonista, itzalean daudenei ahotsa emanez?
Larratxe: Hori da, hori izan da gure asmoa. Komikiaren kontzeptu garrantzitsu bat bazterrekoa erdigunera ekartzea da. Joana, egiten ari den dokumental kanoniko hori alde batera uzten duenean, bazterreko pertsonaiak aukeratzen ditu, gertakariak erdigunera ekartzeko.
Ugarte: Gutxi kontatzen diren istorioak dira hauek. Emakume profesionalek beren lan munduan dauzkaten botere borrokak eta nola emakume hutsa izateagatik baztertuak, oztopatuak edo gelaraziak izaten diren. Hori islatu dugu.
Mezu feminista argia du lanak.
Larratxe: Bai, baina hori ekidinezina da. Esan nahi dut, atera zaigu komiki oso feminista ia-ia bilatu gabe.
Ugarte: Zoritxarrez nonahi aurki dezakegun errealitate bat da emakume hauena, baina gutxitan islatzen dena. Fikzioa egin daiteke nahi duzunaz, baina egia da kasu honetan ez dugula erreproduzitzen errealitate bat, baizik eta ikusgai egiten dugula.
Larratxe: Are gehiago, komikien medioa tradizionalki oso matxista izan da, batez ere gizonezkoek marraztu dute, eta batez ere gizonezkoentzako istorioak kontatu dituzte, istorio matxista eta sexistak. Euskal Herrian komikigintza izan da nahiko marjinala, autore on batzuk egon dira, baina ez mugimendu zabal bat, tamalez beti joan gara ipurdia arrastaka atzetik. Ez dakit gurea bezalako komiki asko dauden euskaraz eginda, hori ere bazen motibazio bat, euskal medioari ekarpena egiten diozula sentitzea.
Gainera, feminismoaz gain, gai ugari ukitu dituzue: AHTaren afera, kaleratzeak…
Ugarte: Beti idazten dugu botere posizio batetik, eta aukeratzen dituzun gai eta pertsonaien arabera bizipenak ezberdinak izango dira, eta beste botere posizio batetik idatziz gero, beste batzuk izango dira. Hemen saihetsezina zen, salatu beharreko gaiak iruditu zaizkigulako bioi.
Orain arte egindako enkarguekin alderatuta, zerotik sortutako lana izanik, askatasun gehiago sumatu duzue nahi bezala lantzeko?
Larratxe: Hau zen nire helburua, horrelako komiki bat egitea. Zerotik sortzeak ahalbidetzen dizuna kontrola edukitzea da. Zuk kontrolatzen duzu orrialde kopurua, zein istorio kontatu, zein estetika erabili… Modu bat izan da nahi bezala lan egiteko. Azkenean kontrol kontu bat da. Egiten duzunaren kontrol osoa duzu horrelako proiektuetan, eta esango nuke gero emaitzan nabaritzen dela.
Ugarte: Plazerra izan da zerotik hasi eta bukatzea. Nahi dudana idatzi dut, eta Josebak nahi duena marraztu du, bakoitza bere estiloan.
Larratxe: Kontrola eduki dugu ia %100ean. Bioi irakurtzea gustatuko litzaigukeen komiki bat egin dugu.
Pozik eskuetan duzuen emaitzarekin?
Larratxe: Nik esango nuke, izan dugun denbora tartean eta genituen medioekin egin ahal genuen lan txukunena egin dugula, sentsazio horrekin gaude.
Harrera ona izaten ari da?
Larratxe: Oso ona. Euskarazko bertsioa promozionatu dugu eta harrera primerakoa izan da. Esango nuke promoziorik gabe ere nahiko ongi funtzionatuko zuela komikiak. Getxoko komiki azokan aurkeztu genuen. Mundu honetan ez gara pertsona famatuak, hau da gure lehen lan luzea. Halere, promoziorik gabe asko saldu zen komikia. Jendea iristen zen, portada begiratu, gustatu eta erosi egiten zuten. Hori da dagoen promoziorik onena, liburuak berak erakartzea. Oso pozik gaude.
Ugarte: Euskarazko edizioa amaitzear dago. Bakarrik gelditzen dira dendetan dauden aleak. Hortaz, laster hurrengo edizioa ateratzeko asmoa dugu.