Txikitik erraldoiari aurre eginez
Amuitz Hondarribiko merkatarien elkartea sortu berri dute Zaldunbordako ‘outlet’ proiektuaren aurrean herriko komertzio txikiaren defentsa egiteko helburuarekin.
Urteak dira merkatari txikiek bizitako estualdiak herriak komertzioz, giroz eta bizitzaz husteko mehatxua agerian gelditu zenetik. Bertan eta bertakoa erostearen aldeko kanpaina ugari garatu dituzte erakunde ezberdinek herri bizitzak amaierarik izan ez dezan. Baina, kanpainen gainetik, mehatxua geroz eta presenteago dago.
Antzeko egoera bizi da Hondarribian gaur egun. Komertzio txikiak pertsiana itxi behar izatearen beldur dira aspaldi, baina are gehiago Hondarribia Village Zaldunbordako outlet egitasmoaren berri izan zutenetik. Proiektuaren aurkako elkarretaratzeak, bilerak, kartel banaketak… egiten hasi zirenean Amuitz Hondarribiko merkatarien elkartea eratzea erabaki zuten. Dendarien defentsarako baliabide gisa eratu zuten elkartea, herrian aspaldi existitu baitzen merkatarien elkartea, baina urteekin desegin zen azkenean.
Bi arrazoi nagusi medio erabaki dute merkatariek euren burua antolatzea, Sonia Herce elkartekideak azaldu duenez. «Zaldunbordako proiektuaren aurrean indarrak batzea» batetik, eta «gure baliabideak kudeatzea eta udalaren menpekotasunik ez izatea», bestetik.
Ildo horretan, udalaren jarrera kontraesankorra dela iritzi dio kideak: «Zaldunbordako proiektua planteatu ondoren komertzio txikiaren alde zeudela esan ziguten, eta gauza txikiekin laguntzen gaituzte, egia da, baina guk uste dugu hori ez dela aski».
Kanpaina berritzaileagoak
Gabonetako Azoka edo Summer Market bezalako ekintzak antolatzea positiboki baloratu ditu Amuitz elkarteko kideak, nahiz eta hori nahikoa ez dela onartu duen. «Kanpaina agresiboagoen» aldeko apustua egin beharko litzatekeela uste dute merkatariek, «jendea eta salmentak gehiago mugi daitezen». Eta hala eta guztiz ere, «horrekin bakarrik» ez dela aski errepikatu du Hercek. Kritiko mintzatu da zentzu horretan tokiko gobernuaren jarreraz: «Hori baldin bada haien [udalaren] justifikazioa esateko gurekin lan egiten dutela, oraindik okerrago».
Zaldunbordako egitasmoaren inguruan udalaren jarrera aintzat hartuta, Gabonetako Azokan parte ez hartzea pentsatu zuten elkarteko kideek. Hainbat bileraren ondoren, ordea, azoka errebindikatzailea egitea erabaki zuten. Hala, Herria zaindu, Zaldunborda gelditu lelopeko kamisetak jantzi zituzten dendariek, baita familia argazki bat atera ere. «Hemen gaude, baina hau [Zaldunbordako proiektua] geratu nahi dugu. Hori izan zen gure aldarrikapena», azaldu du Hercek.
Izan ere, merkatari txikiek bizi duten egoera larriaz ohartarazi du dendariak, eta ez soilik Hondarribian. «Denda txikiak desagertzeko arriskuan daude; are gehiago, egunero ixten dituzte dendak», gaineratu du. Internetekin eta gune komertzial handiekin lehiatu behar izateaz gain, erakundeen laguntzarik gabe ezingo dutela aurrera egin nabarmendu du. Hori dela eta, beste mota bateko politikak aldarrikatzen ditu sektoreak, hala nola: alokairurako diru laguntzak, zerga hobariak…
Iraungitako ereduak
Zaldunbordako proiektuak eztanda egin zuenetik ugariak izan dira Hondarribiko Udalari egitasmoa bertan behera utz dezan eskatu dioten alderdi politikoak, erakunde publikoak, talde ekologistak, gizarte eragileak, merkatari elkarteak, herritarrak eta bestelakoak. Hondarribian, Zaldunborda Gelditu plataforma eta Amuitz herriko dendarien elkartea sortzea eragin du outlet erraldoiaren proiektuak.
Arerio zerrenda zabala izateak orotariko argudioak jarri ditu mahai gainean. Herriko dendarien kasuan, «herriko denda txikiak zaindu» beharko lituzke tokiko gobernuak halako proiektu baten alde egin beharrean. «Kanpoaldean merkataritza gune handiak jartzea zaharkitua gelditu da. 1990eko hamarkadan AEBtik zetorren moda zen, baina gaur egun gune horiek ez dutela funtzionatzen agerian gelditu da», argudiatu du Hercek.
Hala eta guztiz ere, proiektuarekin tematuta egotea leporatu dio tokiko gobernuari, eta hala demostratu zuen EAJren udal taldeak Zaldunbordako egitasmoa eztabaidatzeko egindako ezohiko plenoan haren iritziz. «Ez autokritikarik, ez ‘pentsatuko dugu’, ez ezer. Gehiengoa dutenez…».
Hori horrela, beste aukera batzuk aurreikusteko eskatu diete elkartekideek udaleko agintariei. Jarduera ekonomikoaren eta lanpostu sorreraren argudioaren aurrean kontserba-lantegi bat eraikitzea proposatu du elkarteak, esaterako. «Itsasoarekin lotutako zerbait, hau arrantzale herri bat da». Eta lur kutsatuen kasuan, horiek garbitu eta ingurumenaren alde apustu egitea, adibidez. Udalaren apustua, hala ere, beste norabide batean doala agerian gelditu da, ez itsasorantz edo ingurumenerantz, Zaldunborda Gainarantz baizik.