Parodia berreskuratuko dute gaztetxeko kideek
Azken urteetan interesa galdu duen arren, aurten berriz ere antzerkiei probari heltzea erabaki dute; otsailaren 21erako finkatu dute hitzordua.
Hondarribiko Gaztetxeko kideek 2020. urteko Inauterietarako parodia berreskuratzea erabaki dute. Azken urteetan ekitaldi honen inguruko interesa galdu den arren, «herriak parodia bueltatzea merezi duela» uste dute gazteek, eta beraz, deialdia zabaltzeari ekin diote dagoeneko.
Parte hartu nahi duten lagunek edota bakarlariek bost minutu inguruko antzerkia, bakarrizketa edo performance bat prestatu beharko dute. Helburua bakara eta argia da: barre egitea. Hortaz, Hondarribiko Gaztetxeko kideekin posta elektroniko bidez harremanetan jarri beharko dira interesdunak izena emateko eta agertokian erabiliko diren audioak zein ikus-entzunezkoak bidaltzeko ere. Lehenak MP3 formatuan eta bigarrenak MP4-ean igortzeko eskatu dute.
Zalantzak dituzten herritarrentzako hilaren 25ean parodien dokumentala eta zenbait adibide aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. 18:00etan finkatu dute horretarako hitzordua, gaztetxean bertan. Pixkanaka informazio gehiago zabaltzen joango direla aurreratu dute.