Proiektua salatzeko ibilaldi informatiboa egingo dute Zaldunbordan
Etorkizuneko outlet herrixka erraldoiaren inguruko informazioa emango du igandean Bidasoaldeko Lagunak eta Eguzki N2000 taldeek.
Bidasoaldeko Lagunak eta Eguzki N2000 taldeek ibilaldi informatiboa antolatu du datorren iganderako (hilak 12). Zaldunborda eremura bideratuko dituzte herritarrak, bertan eraikiko duten outlet herrixka erraldoiaren proiektuaren inguruko informazioa jaso dezaten. 10:15an irtengo dira Irungo Renfeko geltokitik. Bestalde, oinez joateko aukera ez dutenek, 11:30ean Desguaces Bidaurretaren sarreran izango dute hitzordua.
Gogor jo dute Bidasoaldeko Lagunek proiektuaren kontra. “Bai Hondarribiko Udaleko oposizio guztia, bai beste herritako udalak, eta baita ere aldundia eta Legebiltzarra aho batez proiektuaren aurka azaldu dira”, gogoratu dute. Etorkizuneko outlet-arekin Hondarribiko komertzioek eta bertako langilearen baldintzek “kalte handiak” jasango dituztela nabarmendu dute: “Ez da ulertzen nola ingurumenaren alde, klima aldaketaren kontra eta bertako komertzioa laguntzeaz hitz egiten dutenek, horrelako megaproiektuak bultzatzen dituzten”, gehitu dute.
Igandeko ibilbidea herritar guztientzat erraza izango dela nabarmendu dute. Edozein zalantza argitzeko, 647 69 83 47 (Karlos) telefono zenbakira deitzeko aukera dago.