Alardea hondarribiar ororena dela, gizon zein emakume, aldarrikatu dute Kultur Etxean
Alardea hondarribiarren ondarea dela nabarmendu du Guztion Alardeak, eta emakumeak soldadu gisa parte hartzea ahalbidetzen duen desfilea dela gatazkaren konponbide bakarra ohartarazi dute.
Txalo zaparrada jaso du Guztion Alardea taldeak gaur arratsaldean Kultur Etxearen areto nagusian egindako aurkezpenean. Argi utzi dute gazteek alardea Hondarribiko ondarearen parte dela, emakume zein gizonena, eta beraz, emakumeak soldadu gisa onartzen dituen desfilea dela konponbide bakarra. Are gehiago, emakumeek nahi duten moduan alardean parte hartzeak ez duela gainontzeko herritarrek alardea gozatzeko duten eskubidea baldintzatzen ohartarazi dute.
Jende andana gerturatu da bileren lehen ondorioak ezagutzera, eta bitan egin behar izan dute aurkezpena –19:30ean eta 20:30ean– ezinezkoa izan baita herritar guztiak aretoan biltzea. Iragan urriaren 6an taldea osatu zutenetik Alarde Fundazioarekin, Hondarribiko Emakumeak taldearekin, Hondarribiko Udalarekin eta Jaizkibel konpainiarekin bildu dira taldekideak.
Azaldutakoaren arabera, Alarde Fundazioak eta Hondarribiko Emakumeak taldeak ez dute haien ideia partekatzen; emakumeak eta gizonak alarde bakar batean modu parekidean parte hartzea, alegia. Hondarribiko Udala bere aldetik, elkarrizketa bultzatzeko prest agertu den arren, ez du egokitzat jo gai honen inguruan posizionatzea. Eta azkenik, Jaizkibel konpainiak irabazlerik zein galtzailerik gabeko konponbidea negoziatzeko prestutasuna agertu duela zehaztu dute.
Honen guztiaren aurrean, taldeak ondokoa nabarmendu nahi izan du: «Eragile guztiek, esplizituki edo inplizituki, onartu dute denboraren poderioz emakumeek soldadu gisa desfilatuko dutela azkenean. Hau horrela baldin bada, zertan ari gara?»
XXI. mendeari begira
Guztion Alardea osatzen duten gizon gazteek argitu dutenez, datorren irailaren 8an orain arte bezala desfilatzen jarraituko dute. «Alardea denona dela» sinetsita daude, eta horregatik denen parte hartzea aldarrikatzeko helburua mantenduko dutela argitu dute.
Geroz eta gehiago direla dinamika honen parte azaldu du konponbidearen aldeko mugimenduak, baita lantaldean buru-belarri murgildu direnak nahiz atxikimendua sinatu dutenak ere. Elkarrizketa bultzatzeko lanean segituko dute, nahiz eta «XXI. mendeko alardea nolakoa izan behar duen» ez dutela zehaztuko ohartarazi duten. Hori dela eta, iritzi eta sentsibilitate guztiak kontuan har daitezen beste aurrera urratsa egin, eta elkarrizketa mahaia osatzeko proposamena helarazi diete eragile guztiei.
Pianoa, olerkiak, ikus-entzuneko bat eta bertsoek osatu dute gaurko aurkezpena. Hunkigarriak izan diren koplak, hitzak eta uneak bizi izan dira bertan. Kontent agertu dira taldekideak parte hartzearekin eta jasotako harrerarekin, eta zalantzak, proposamenak edo atxikimenduak aurkezteko posta elektronikoa kudeatzen dutela argitu dute. Taldearen sare sozialak eta logoa ere aurkeztu dituzte. Bukatzeko, gerturatutako hondarribiarrei eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete: «Zein polita den iritzi ezberdina duen jendea leku berdinean batzea».