Arrantzaleen 'Axalian' jarrita erakusketa inauguratuko du gaur Estitxu Ortolaizek
Marinelen egunerokoa irudietan bildu du argazkilari hondarribiarrak. Erakusketa gaurtik hilaren 26ra bitartean ikusgai izango da Arma Plaza informazio gunean.
Sare konpontzaileen inguruko Hariya erakusketaren ondoren, herriko marinelen lana irudi bidez erretratatu du Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrak Axalian izenpeko bilduman. Arrantzaleen egunerokoa eta ogibidearen nondik norakoak ezagutarazi nahi izan ditu modu horretan Ortolaizek. Publiko orori irekita, baina marinelei espresuki zuzenduta, gaur inauguratuko du erakusketa Arma Plazako informazio gunearen bigarren solairuan, 18:30ean. Hilaren 26ra arte ikusgai izango da.
Esperientzia «polita» bezain «gogorra» izan dela onartu du gaur goizean Ortolaizek komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean. Sentimenduak nahastu egiten direla aitortu du, eta bakardadea sentitu arren, taldearen elkarbizitza eta elkartasuna goratu ditu. «Kristoren talde lana egiten dute, inoiz ez dut horrelako zerbait ikusi. Askotan koreografia bat ematen du, dena oso landuta dago, kanabera edo salabardoa esku batetik bestera nola pasatzen den ikusten duzu eta mugimendua etengabekoa dela konturatzen zara, makinak baino hobeto mugitzen dira».
‘Axalian’
Saregileek behin eta berriz errepikatzen zuten hariya hitza eta horrek izendatzen zuen modu egokienean iazko erakusketa, Ortolaizek azaldu duenez. Aurten, axalian izan da gehien entzundakoa eta horrek bultzatu du argazkilaria izen hori aukeratzera: «Arraina axalian dago, gosea dauka, igoko da eta beraz, harrapatuko dute. Arrantzalearen axalian jarri lana nolakoa den ikusteko. Nire osaben itsasontzia ere Axalian izena zuen». Hori guztia dela eta, arrantzaleen axalian jartzea da argazkilariak erakusketa honekin bilatutako helburu nagusia.