EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen eskariz ikertuko du kontu auzitegiak udala
Zortzi dira Hondarribiko Udala ikertzeko onartutako proposamenak, sei EPrenak eta beste biak koalizio abertzalearenak.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek (EP) aurkeztutako zortzi proposamen dira Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordeak onartutakoak Hondarribiko Udala ikertzeko. Horien artean, bi proposamen koalizio abertzaleak egindakoak dira, eta beste seiak, EPrenak.
Hori horrela, EH Bilduk, Maddalen Iriarte bozeramailearen bitartez, 2011-2015 eta 2015-2019 agintaldiak auditatzeko eskaria egin du, «zenbait irregulartasun» antzeman baitituzte Xabier Isasi Hondarribiko EH Bilduren bozeramaileak jakinarazi duenez.
Elkarrekin Podemosek bere aldetik, ondoko ikerketa proposamenak helarazi dizkio kontu auzitegiari: Hondarribia Lantzen (2016-2019); Hondarribiko Udala (2015-2019); Montai Produkzioak enpresarekin kontratuak (2015-2019); Estali, Karpak eta Estrukturak enpresekin kontratuak (2015-2019); Kultur Kirol Zerbitzuak-ekin kontratuak (2015-2019); eta Denok Zuzeneko Komunikazioarekin kontratuak (2015-2019).
Herri Kontuen Euskal Epaitegia udalerrien eta horien inguruko sozietateen kontuak kontrolatzeaz arduratzen da. Ildo horretan, alderdiek proposamen ezberdinak egiteko aukera dute. Isasik azaldu duenez, ez da akordiorik izan EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen artean Hondarribiko Udalaren funtzionamendua ikertzeko egindako proposamenekin.