Guztion Alardea taldea jendaurrean aurkeztuko dute bihar
«Konponbidearen alde dauden hondarribiar guztiak» ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte. «Egindako lana, ateratako ondorioak, eta etorkizunera begirako asmoak» ezagutaraziko ditu taldeak.
Alardearen gatazkari aterabidea emateko xedearekin sortutako Guztion Alardea taldeak aurkezpen publikoa egingo du bihar arratsaldeko 19:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian. «Konponbidearen alde dauden hondarribiar guztiak» gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera eta era horretan, orain arte «egindako lana, ateratako ondorioak eta etorkizunera begirako asmoak» gizarteratu nahi ditu dinamikak.
Alarde Fundazioarekin, Hondarribiko Emakumeak taldearekin, Hondarribiko Udalarekin eta Jaizkibel konpainiarekin bildu da urritik hona Guztion Alardea. Helburu bikoitza izan dute bilerek: batetik, «herrian zeuden zalantzak argitu eta gure asmoak azaltzea», eta bestetik, «elkarrizketarako bidean talde bakoitzaren prestatutasuna zein iritziak ezagutzea».
Gainera, atxikimenduak eta lan taldea bera handituz joan dela onartu du taldeak. Orain, horren guztiaren berri emateko txanda iritsi da eta horretarako, hondarribiar oro Musika Eskolara gerturatzeko eskaria helarazi dute.