Etzi bilduko ditu postariak Errege Magoentzako gutunak
Errege Magoen itsasontzia igandean iritsiko da Bentara, eta urtero bezala, kabalgatarekin batera herriko kaleak zeharkatuko dituzte gozokiak banatuz.
Dena prest dute Errege Magoek Hondarribian 2020. urteko egun berezia ospatzeko. Haien postaria iritsiko da lehenbizi herrira umeen zein helduen gutunak jasotzera. Etzi finkatu dute horretarako hitzordua, 18:00etan, Mendelutik abiatuta.
Igandean bestalde, Errege Magoen txanda izango da. Urtero bezala Bentara iritsiko dira, itsasontziz, 19:15 eta 19:30ak artean. Ondoren, Hermandadera abiatuko dira umeak agurtu eta gozokiak banatzera.
Ibilbide eta ordutegi zehatzak ondokoak dira:
- Hilak 4, etzi: Postaria Mendelutik (Betherram) Amutera abiatuko da 18:00etan. Handik Kosta zeharkatuko du Txiplaoko biribilguneraino. Zumardia, Santa Maria ateaurrea, kale Nagusia, San Nikolas eta Juan Laborda igaro ondoren, Jabier Ugarte kalera joango da. Ondoren, San Kristobal biribilgunea, San Pedro kalea, eta Zuloaga gurutzatuko ditu, berriz ere San Kristobalera itzultzeko asmoz.
- Hilak 5, igandea: Mendelutik abiatuko dira kabalgatako kideak 17:45ean, eta Amuten egingo dute geldialdia 18:15 aldera. Ondoren, 19:15 eta 19:30ak bitartean Errege Magoak itsasontziz iritsiko dira Bentara. Kai Zaharretik Hermandadera abiatuko dira. Jarraian, kabalgatak ondoko ibilbidea egingo du: Matxin Artzu, San Pedro kalea, Bernat Etxepare, San Kristobal biribilgunea, Hiru Bide, Harresilanda, Damarri, eta Gernikako Arbola kokatutako jaiotzara iritsiko da azkenik. Santa Maria ateaurrea gurutzatu eta kale Nagusia igoko du kabalgatak 20:45 aldera Arma plazan geldialdia egiteko. Azkenik, ohitura den moduan, erregeek San Gabriel zaharren egoitza bisitatuko dute.