Behobia eta Katea artean, tarifa berriak AP-8an
Behobia eta Katea arteko bidea (eta alderantziz) egiten dutenek beherapenak izango dituzte, baldin eta Abiatu gailua badute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek jakinarazi du hilaren 1etik aurrera Katea eta Behobia arteko bidea AP-8tik egitea merkeago izango dela, hau da: Abiatu aparatua ibilgailuan dutenek, Irungo bi zonalde horien arteko bidea, lehen bidaiatik, %50eko deskontuarekin egin ahal izango dute. Horrela, bi puntuen artean dauden bi ordainlekuen arteko joan-etorrikoa egiten dutenek, euro bat ordaindu beharko dute (lehen bikoa zen tarifa). Neurri sortaren helburua da Irun alderik alde zeharkatu behar dutenek, bide hori erabiltzea zentrotik joan beharrean.
Lehen deskontuaz gain, hilean gutxienez sei joan-etorri egiten badira, deskontua %25ekoa izango da bidaiako (0,35 euro bidaia bakoitzeko); 9-20 tartekoa bada joan-etorrien kopurua, deskontua %55koa izango da (0,23 euro bidaiako), eta hilean 21 bidaia baino egiten badira horietako bakoitzaren prezioa 0,13 eurokoa izango da.
Neurri horiek zehazterako garaian Oiarbidek nabarmendu du Irungo auzo elkarteak biltzen dituen Oiasso plataformarekin izan dela hartuemanean, eta haiek egindako eskaerak aintzat hartu dituela aldundiak.
Gainera, martxo hasieran Oinaurreko lotune berria martxan izango dela zehaztu du Oiarbidek, eta horrek, aurreikuspenen arabera, 2.500 autoren joan-etorriak zentrotik kentzea ahalbidetuko du. Hori martxan dela, erabiltzaileek Irun-Oinaurre tarteari dagokion kuota ordaindu beharko dute soilik, Behobiarainoko tartea pagatu beharrean. Horietarako ere Abiatu edo VIA-T gailuak behar dira, eta arku bidezko ordainketa izango da: zati horretako lehen bidaiaren kostua 0,43 eurokoa izango da, eta 21. bidaiatik aurrera 0,11 eurokoa izango da prezioa.
Irunen 7.000 herritarrek dute Abiatu gailua ibilgailuan. Oiarbidek nabarmendu duenez, neurri berri horiekin, AP-8an eta hirian mugitzeko tresna oso egokia izango da gailu hori, “Abiatu ezinbestekoa izango da Bidegik eskaintzen dituen deskontuei eta hileko mugari etekina atera nahi bazaie”. Horren harira, gailuaren erabilera sustatze aldera kanpaina egingo duela iragarri du aldundiak.