Zaldunborda egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki du gobernu taldeak
Zaldunbordako outlet herrixka erraldoiarekin jarraitzeko mozioa onartu zuen atzo osoko bilkurak, EAJren botoekin.
Zaldunborda afera izan zen atzoko ez ohiko bilkurako gai bakarra. Oposizioko hiru taldeek (Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu) eskatuta egin zuten atzokoa. Oso jendetsua izan zen, 150 herritar inguru bertaratu ziren, asko Zaldunborda Gelditu kamiseta jantzita zeramatzatela.
Lehenik, Amuitz elkarteko eta Zaldunborda Gelditu taldeko kideek hartu zuten hitza, bost minutuz. Proiektuak herriko merkataritzari ekarriko dizkion galerak nabarmendu zituzten bi taldetako kideek, eta bide batez, proiektua gelditzea eskatu zioten Txomin Sagarzazu alkateari.
Ondoren, oposizioko taldeen unea heldu zen. Banan-banan, talde bakoitzeko ordezkariek hamabost minutuz garaiaren inguruko irakurketa egin zuten. Abotsanitz taldeko Igor Enparanek nabarmendu zuenez, Zaldunbordako proiektuan ez dira ari ohiko prozedura bat eramaten. EAJk «bere kabuz» hartutako erabakia dela salatu zuten, eta dagoeneko hondarribiarrentzako «kostu bat izan duela»: 2 milioi eurokoa.
PSE-EE taldeko Josu Alvarezek hartu zuen ondoren hitza. «Proiektua ez da etorkizuneko proiektu bat, iraganekoa baizik», esan zuen atzokoan. Outlet berria herriko eta gertuko merkataritza suntsitzeko tresna izango dela esan zuen, lanaren prekarietatea ekarriko duela nabarmenduz. Ingurumenerako ere erabat negatiboa izango dela zehaztu zuen.
Bestalde, EH Bildu taldeko Xabier Bengoetxea zinegotziak ere gogor jo zuen proiektuaren kontra. «Hiritik kanpo zona komertzialak kokatzeak hiri pobre, triste eta jarduera gutxitzea dakar». Gainera, ingurumen aldetik eremuak duen papera «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuten, esaterako, Jaizkibel-Aiako Harria korridorean kokatuta dagoela gogoratuz.
Oposizioari erantzunez, Txomin Sagarzazu alkateak esan zuen Azalera Handien Lege berriak ez diola eragiten proiektuari. Onartu duenez, udalaren interpretazioa da hori. Zaldunbordako outlet proiektuak aurrera egin dezakeela baieztatu zuen, metro koadrotan eta beste ezaugarrietan jasota dagoen bezala. Hori bai, betiere enpresak tramitazioan egindako akatsak konpondu ondoren.
Oposizioko hiru taldeen hitzaldiek bertaratutakoen txalo zaparrada jaso zuten. EAJren eta bereziki Sagarzazuren hitzek, ordea, txistu eta oihuren bat eragin zuten.
Proiektua aurrera, EAJren botoekin
Bi mozio bozkatu ziren atzo. Bat oposizioarena, beste gobernu taldearena. Proiektua bertan behera uzteko mozioaren bozketa egin zuten oposiziok hiru taldeek batera, baina EAJrena mozioa onartu zen azkenean, aurkako zortzi boto (Abotsanitzen 4, PSE-EEren 2 eta EH Bilduren 2) eta aldeko bederatzirekin (EAJrenak). Oposizioaren proposamenak merkataritza guneen euskal legea betetzea eta Zaldunborda proiektua bertan behera gelditzea biltzen zuen; EAJ taldeak aurkeztutako proposamenean ordea, herriko jarduera ekonomikoari bultzada emateko, lanpostu berrien sorkuntzarako eta lurren deskontaminaziorako proiektuak duen garrantzia jaso zuten.
Onartutako mozio horren arabera, egitasmoarekin jarraitzeko asmoa berretsi du udal gobernuak. Legezko arazorik ez dagoela esan du gaur alkateak eskaini duen agerraldian, eta proiektuak «positibo» izaten jarraitzen duela. Orain, enpresa sustatzaileek tramite guztiak bete beharko dituzte, legeak eskatutakoaren arabera. Enpresa sustatzaileek helegitea sartzeko aukera dute orain, baina alkateak ez du epeen berri eman.
Joan den asteartean Hondarribiko Udalak eraginik gabe utzi zuen Zaldunborda Gainako Plan Partzialaren hasierako onespena, ekainaren 26ko 1134 Alkatetzako Dekretua indargabetuz. Alkatearen arabera, enpresa sustatzaileak ez ditu bete eremurako Plan Partzialaren gabezien zuzenketak. Horregatik egin zuten atzoko ez ohiko bilkura.