Txomin Sagarzazu: "Herriarentzat aukera bat da Zaldunbordako egitasmoa"
Txomin Sagarzazu alkateak Zaldunborda gaitzat hartuta agerraldia egin du gaur. Higertokiren egitasmoa egin daitekeela uste du, 2017ko Plan Orokorra aintzat hartzen duelako alkateak.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Zaldunbordaren gaineko gogoetak partekatzeko agerraldia egin du gaur goizean. Berretsi egin du Higertoki enpresaren Zaldunbordarako egitasmoa ontzat ematen duela. Hau da, lege eta araudietara moldatzen den egitasmo berri bat aurkezten badu, kontuan hartuko duela.
Asteartean jakinarazi zuen alkateak, ohar bidez, Zaldunborda Gainako Plan Partzialaren hasierako onespena bertan behera uzten zuela. Ekainaren 26ko 1134 Alkatetzako Dekretua da indargabe gelditu dena. Ukoaren arrazoia da, Txomin Sagarzazu alkateak oharrean esan zuenez, enpresa sustatzaileak ez dituela bete Zaldunborda Gaina eremurako Plan Partzialaren gabezien zuzenketak. Udal arkitektoaren kontrako txostena izan da alkateak erabakia hartzeko arrazoia. Baina gaur argi utzi du: Zaldunbordan merkataritzako 4. sektoreko jarduerak egiteko aukera 2017an onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean dago, Eusko Legebiltzarrak merkataritza guneen legedi berria baino lehenago onartua, alegia (2019ko ekainean onartu zuen Legebiltzarrak araudi hori). «2017an hartu zen erabakiak indarrean jarraitzen du», esan du alkateak. Hau da: Zaldunbordarako Higertoki enpresak aurkeztutako egitasmoa egingarria da oraindik, alkatearen ustez, baina legediari, alkatearen ustez 2017ko Plan Orokorrari, atxikitzen bazaio. «Hori da gure irakurketa. Ez naiz sartuko orain legediaren irakurketan edo zein bide har dezakeen honek. Herriarentzat aukera bat da Zaldunbordako egitasmoa”.
Gaurko agerraldian asteartean ohar bidez esandakoak, hitzez berretsi ditu Sagarzazuk. Eta gaiaz atzo egindako udalbatzarrean EAJko zinegotziek (gehiengo dira) onartutako mozioko hiru puntuetan —oposizioak aurkeztutako testua alboratu zuten EAJko zinegotziek— laburtu du alkatearen, beraz EAJren gobernu taldearen oinarrizko iritzia Zaldunbordako gaian: “Lehen puntua da Hondarribiko Udalak positibo ikusten duela Zaldunborda Gainako egitasmoa eremuan ekonomia jarduerak sustatzeko, enplegua sortzeko eta kutsatutako lur eremua garbitzeko; bigarrena da ideia hori garatzeko sustatzaileek egin beharreko administrazio tramitazio guztia araudiaren arabera bete beharko dutela, beste herritarrek bezala; eta hirugarrena da Hondarribiko Udalak berretsi egiten duela hiriko merkataritza sustatzeko konpromiso irmoa, sektorearekin lankidetzan, orain arte egin dugun bezala, eta aurrera begira ere”.
Horrelako gaietan erakundeen arteko lanaz hitz egin du alkateak, baina nabarmendu du, Hondarribiko gaietan, herriari dagokiola erabakiak hartzea, “Hondarribian egin litekeena gure esku dago. Eta Zaldunbordan egin beharrekoa 2017an onartu genuen. Zilegitasun demokratikoa dugu. Herritar gehienen konfiantza jaso dugu, eta badugu zilegitasuna. Interes orokorrari begira guk egiten dugun irakurketa zalantzan jarri da. Eta hori ez da horrela. Itsua behar du batek pentsatzeko horrelako proposamen batek eraginik ez duela izango esateko. Guk Hondarribia osoa kontuan hartzen dugu. Eta ikusten dugu herriarentzat aukera bat dela Zaldunbordakoa, enplegua sustatu nahi dugu”.
Sagarazazuk egungo kontsumo joeren gaineko gogoeta egin du: “Egungo kontsumitzaile garenok zer ohitura ditugun, hemen bizi garenok badakigu ondo zertaz ari garen: badugu beste tokietara erosketak egiteko joateko ohitura, Biarritz-Baiona aldera, Irunera, Donostiara… Hondarribiko saltokietan ere erosten dugu. Zer esanik ez Internetez. Guk egindako irakurketan, ukaezina da eragina izango duela Zaldunbordak; baina ez dugu ikusten, beste batzuek ikusten duten bezala, halako egoera suntsitzaile ikaragarrizko bat. Beti ere ulertuta, eta orain arte herriko merkatariekin elkarlanean ari garela, sintonia onean. Azken adibidea da joan den asteburuen dendariekin batera antolatutako azoka.