Zaldunbordak lege berria bete beharko duela dio Abotsanitzek
Higertokik ez ditu Plan Partzialaren gabeziak zuzendu eta ondorioz Sagarzazu alkateak atzera egin behar izan duela nabarmendu du Abotsanitzek.
Hondarribiko Udalak jakinarazi berri du Zaldunbordako proiektua geldituko dela. Udal arkitektoak plan partziala bertan behera gelditzea erabaki du eta horrekin batera, Txomin Sagarzazu alkateak ekainaren 26an sinatutako dekretua indargabetu da.
Udal arkitektoak egindako txostena izan da erabakiaren gakoa, Higertokik ez baititu Zaldunborda Gaina eremurako Plan Partzialaren gabeziak zuzendu, Abotsanitzek adierazitakoaren arabera “plan orokorraren eraikigarritasunaren maila ezin da egiaztatu, eta ez du eremuaren antolamendu urbanistikoa nolakoa izango den zehazten. Bi arrazoi horiek, besteak beste, jasotzen ditu udal arkitektoaren kontrako txostenak”.
“Pozik baina tentuz” hartu du erabakia Abotsanitzek eta “herriaren erantzuna” aipatu dute, plan partziala bertan behera uztearen arrazoi nagusi gisa, udal gobernuak ezin izan baitio presiori aurre egin. Alkateak eta haren alderdiak gai honekiko izan duen zintzotasuna ezbaian jarri dute, “EAJk behin eta berriro erakutsi du Higertokiren nahiak asetzeko gogoa”.
Abotsanitzek gogorarazi du, 1134 Alkatetzako Dekretua, merkatari txikiak babesten dituen merkataritza lege berriaren bezperan onartu zuela udal gobernuak.