Xakib Laxgar eta Elena Silvestre errenteriarrak, lehenak Gabonetako Krosean
VI Super Amara Gabonetako Krosa egin zuten joan den larunbatean Kolon pasealeku inguruan, Bidasoa Atletiko Taldearen egitasmoz.
Joan den larunbatean (hilak 14) Irungo erdigunea running-aren agertoki nagusi bilakatu zen. Izan ere, VI Super Amara Gabonetako Krosa egin zuten, Bidasoa Atletiko Taldearen egitasmoz. Orotara, 1.200 dortsal inguru banatu zituzten; helduentzako 552 eta haurrentzako 600 inguru.
Giro ederra izan zen egun osoan zehar. Eguraldia lagun, zientoka herritar gerturatu ziren Zabaltza plaza ingurura. Bertan, lasterketaz gain, haurrei begirako ekitaldiak izan ziren, guztiak musikak girotuta.
Gizonezkoen sailkapenean, Xakib Laxgar (14’57”) errenteriarra izan da lehena helmugara iristen. Haren atzetik Joseba Larzabal irundarra (15’03”) eta Pierre Urruty baionarra (15’12”) sailkatu dira. Emakumezkoetan aldiz, Elena Silvestre errenteriarra izan da garaile (17’17”). Bigarren postuan Sara Alonso donostiarra sailkatu da (17’40”) eta hirugarrenean berriz, Sara Villasante donostiarra heldu da (17’43”).
Sailkapen osoa ikusteko, egin klik hemen. Bestalde, eguneko irudiak ikusteko interesa dutenek, esteka honetan igotzen joateko asmoa du BATek.