Montai enpresak Abotsanitzen salaketei erantzun die
Montai enpresak Abotsanitzek esandakoei erantzun egin die. Zazpi puntuko oharrean, enpresak udalean aurkeztutako idatziaren azalpenak eman ditu.
Joan den astean agerraldia egin zuen Abotsanitz alderdi politikoak, esateko Hondarribiko Udaleko gobernu taldeak hainbat kontratazio irregular egin zituela, tartean, Montai Produkzio eta Zerbitzuak enpresa zela. Enpresak, Aitor Elorza arduradun nagusiak sinatutako oharrean, erantzun egin die Abotsanitzeko kideei.
Zazpi puntutan (behean daude) Abotsanitzek esandakoei erantzuna ematen die Montaik. Bestalde, enpresak salatu du alderdiaren adierazpenetan “kalumnia pertsonalak” daudela, eta horren gainean “neurri egokiak” hartu dituela. Aldi berean, enpresari atxikitako edozein pertsonak enpresatik kanpo egin ditzakeen jarduerek ez dutela loturarik enpresarekin.. Jarduera horiek esparru sindikalean, politikoan edo pribatuan kokatu dituzte.
Enpresari “tamalgarria” iruditu zaio “langileak erabiltzea aurkari politikoaren” kontra “jaurtitzeko arma gisa” erabiltzea: “Dezente konstruktiboagoa litzateke ahalegin horiek langileen baldintzak zaintzera bideratzea, eta administrazioak kontratatzen dituen enpresek zerbitzua emateko beharrezko baldintza guztiak betetzen dituela bermatzea”. Enpresak ziurtatu du Muntaiko langile guztiek kontratu finkoak dituztela, eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean izena emanda daudela.
Jarraian, hitzez hitz, Montairen erantzunerako zazpi puntuak:
“Montaik Hondarribiko Udalari igorri zion idazkiaren harira Abotsanitz udal-taldeak egindako adierazpenen aurrean, honako hau zehaztu nahi du:
1- Ez da Hondarribiko Udalari bidali diogun horrelako lehen idazkia -eta, ziur aski, eta atsekabe handiz, ez da azkena izango-, hirugarrena da. Horregatik, ulergaitza egiten zaigu Abotsanitz taldeak oraingo honetan izan duen erreakzioa.
2- Gure idazkian, ez da inor mehatxatzen eta ez da inor mehatxatu nahi.
3- Komunikazioan Udalarentzat lan egin ohi duten langileen subrogazioa baino ez dugu eskatzen, langileen eskubide bat delako.
4- Zerbitzua Montairi esleitzea ez da ez apetatsua ez ausazkoa. Kontratazio publikoan bada jarraitutasun-printzipioa den zerbait, esaten duena kontratistak, kontratua betetzeagatik kontratua azkentzen bada, zerbitzua ematen jarraitu beharko duela kontratu berria formalizatu arte.
5.-Egoera hau hainbeste urtez luzatu izanaren erantzukizuna ezin zaio inolaz ere Montairi leporatu.
6- Zerbitzuaren prestazioa esleitzeko lehiaketa bat egitearen alde agertu gara beti – Eta hala aldarrikatu dugu egokia izan den foroetan –. Are gehiago, Udalak deialdia egiteko asmoa zuela jakinarazi digutenean, desadostasuna adierazi beharrean, beste administrazio batzuetan egindako antzeko lehiaketen erreferentziak eskaini ditugu.
7- Montaik Hondarribiko Udalaren jarduerak muntatzen eta desmuntatzen ditu, bere materiala edo udalarena erabiliz (honekin batera doakizu horien zerrenda). Zerbitzu zehatz horri buruz ari gara, baina ez dugu uste zerbitzu hori beste zeregin batzuk egiten dituzten beste enpresa batzuekin lotu behar denik”.