Alde Zaharreko Plan Berezia gizarteratu nahi du udalak
Urtarrilean hasita parte hartze saioak egingo dituzte herritarrekin, Alde Zaharrerako plana aurkezteko, eta eremuaren errealitatea ezagutarazteko.
Hondarribiko Udalak Hondarribiko Alde Zaharraren Plan Berezia, Harresien Plan Zuzentzailea, eta Zuhaiztiaren Plan Zuzentzailea egin ditu. Egitasmo osoaren aurkezpena ostiral goizean egin zuten prentsaren aurrean, eta arratsalderako jardunaldia egin zuten Arma Plazan egitasmoaren berri emateko. Hiru planak bat egitea erabaki du udalak. Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “epe luzerako proiektu orokor eta anbizioz beterikoa” da, “auzoaren ezaugarri urbanistikoak arautuko dituen dokumentua, hirigintza aldetik etorkizuneko Alde Zaharra nolakoa izango den esango baitu dokumentu horrek”.
Horri begira, hondarribiarren iritziak bildu nahi ditu udalak. Hala, joan den ostiraleko azalpenen ondoren, parte hartze programa abiatuko du urtarrilean, lau saiorekin. Hala, saio horretara informazioarekin joateko, joan den ostiral arratsaldeko hitzaldiez gain, hilaren 31ko hiru plan barnebiltzen dituen plan nagusiaren gaineko erakusketa jarrita egongo da Arma Plazan, informazio zehatzarekin.
Hondarribiarren iritziak jasotzeko lau saioak, honakoak izango dira (orduak zehazteko daude):
- Urtarrilaren 15ean, Alde Zaharreko errealitatea ezagutarazteko hiritarrentzat parte hartze tailer irekia.
- Urtarrilaren 18an, bisita parte hartzailea: Alde Zaharrari bestelako begiradak.
- Urtarrilaren 25ean, bisita parte hartzailea: Alde Zaharra balorean jarri.
- Otsailaren 8an, hiritarrei irekitako tailer parte hartzailea: Ingurune zaintzaileak.