Abotsanitzek, Montairi: "Egin ezazu nahi duzuna. Guk legezkotasuna babesten jarraituko dugu"
Montai enpresak, joan den astean Abotsanitzek egindako adierazpenak erantzun ditu. Eta erantzun horri, erreplika egin dio Abotsanitz alderdi politikoak: “Abotsanitzek ez ditu ez Montai taldearen ez beste inoren praktika mafiosorik onartuko, eta lanean jarraituko dugu Hondarribian legea errespetatua izan dadin. Egin ezazu nahi duzuna, guk legezkotasuna babesten jarraituko dugu, Hondarribiko Udalean, epaitegietan, edozein lekuan”.
Hondarribiko Udalak Montai enpresarekin harremana hautsi egin duelako, udala bera mehatxatu zuela jakinarazi zuen Abotsanitzek joan den asteko agerraldian. “Orain, Abosanitzen kontra zuzendu ditu bere mehatxuak. Gure kontrako neurriak hartuko dituela esan du, egin genuen salaketan atzera egin ezean”. Alderdiak esan du Montaiko arduradun Aitor Elorzak onartu egin duela modu irregularrean ari dela Hondarribiko Udalarentzat lanean, “eta modu irregularrean ari da Hondarribiko Udalaren kamioi bat eta biltegi bat erabiltzen, beste enpresek ezin dutena egin”. Aldi berean, alderdiak zehaztu du, Montairen arabera, enpresak lau langile dituela udalarentzat lanean, “nahiz eta ez duen horretarako konkurtsorik irabazi”.
Horren aurrean, Abotsanitzek nabarmendu du langileen alde egingo duela beti, “baina lehiakortasunaren printzipioak aintzat hartuz, erakunde publiko batek enpresa guztien arteko aukera berdintasuna bermatu behar baitu ezinbestean”.