Etxez etxe zaindutako sua
Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Hondarribian ere, Euskararen Kriseilua bukaerara iritsi da jada. Hizkuntzaren transmisioa nabarmendu, eta etxeko denak inplikatzen ditu dinamikak.
Euskararen sua itzal ez dadin abiatu zuen orain dela bi urte Euskaltzaleen Topaguneak Euskararen Kriseilua izenpeko iniziatiba. Euskal Herriko hainbat txokotan garatu dute bi ekitaldi hauetan, eta iaz egin bezala, aurten ere Hondarribian gauzatu dute, udalaren euskara zerbitzuarekin eta ikastetxeekin elkarlanean.
Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaia ikastetxeetako 102 familiak parte hartu dute 2019ko Euskararen Kriseiluan. Lau eta zortzi urte arteko umeak dituzten familiei zuzenduta dago, eta txandaka, astebetez, kriseiluaren sua ez itzaltzeaz arduratu dira. Areago, hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko baliatu dute kriseiluaren zaintza, baina, nondik abiatu gogoeta hori, ordea? Itsaso Lekuona Euskaltzaleen Topaguneko kideak prozesua nola garatu den azaldu du: «Bi eskaera egiten ditugu: bata, euskararen sua piztuta mantentzea, eta bestea, www.kriseilua.eus webgunean dagoen galdetegia etxeko guztien artean betetzea». Profil eta berezitasun guztiak kontuan hartzen ditu galdetegiak, eta horren arabera, hobetzeko puntuen zerrenda ematen du.
Handik abiatuta, euskararen transmisioa ziurtatzeko hamar konpromiso hartu dituzte familia horiek. Ez dute, gainera, zailtasunik izan behar, «tartetxo bat hartzea proposatzen du kriseiluak». Hizkuntza ohitura eta kontsumo produktuen ingurukoak izan daitezke konpromisoak, hala nola, Lekuonak zehaztu duenez, «euskarazko telesail bat aukeratu eta astean behin denok elkarrekin hori ikustea». Gure familiak hartutako konpromisoak izenpeko kartela bidaltzen diete partaideei, eta etxeko leku ikusgarri batean zintzilikatzea aholkatzen diete.
Indarra transmisioan
Euskararen sua piztuta mantentzeko gakoetako bat transmisioa dela nabarmendu du Lekuonak. Ardura osoa askotan ikastetxeengan jartzen dela iritzi dio; ez dago ados jarrera horrekin. «Etxeko txikiei euskara transmititzearen ardura denona da, euskaraz jakin edo ez, denok transmititu dezakegu hizkuntza batekiko atxikimendua eta denok daukagu gure etxean hizkuntzaren inguruan gogoeta egiteko beharra», nabarmendu du Topaguneko kideak. Hala, transmisioari dagokion garrantzia eman, eta familia girotik datorrela nabarmendu du.
Euskaraz dakiten familiei eta ez dakitenei konpromisoak eskatzen zaizkie: «Denok dugu beti zerbait hobetzeko eta denok egin dezakegu zerbait gehiago. Gutxienez, hizkuntzaren gaia familian astebetez mahai gainean jartzea».
Lau eta zortzi urte arteko haurrak aukeratzeak, dinamikan parte hartzeko ere pisuzko arrazoi bat ezkutatzen du bere atzean. Izan ere, euskara hizkuntza nagusia izan arren, bederatzi urtetik aurrera hori alda daiteke. «Hizkuntza aldaketaren adina zortzi urterekin ematen da», azaldu du Lekuonak, «hori zaintzea eta presente izatea beharrezkoa da, atxikimendua egon dadin eta euskarak lehentasuna izan dezan».
Era horretan, «txipa aldatzeko» balio duela dinamikak sinetsita dago Lekuona, nahiz eta gerora ez duten konpromisoen gaineko jarraipenik egiten. Hala ere, positiboa dela uste du, eta onartu duenez, Euskaraldiarekin ere horrelako dinamika asko etorri dira, «norbera hizkuntza ohituren gainean hausnarketa egitera bultzatzen dutenak, alegia».
Bestalde, halako dinamikek komunitatearen ikuspegia indartzen dutela nabarmendu du Topaguneko kideak. Hau da, hainbat lagunen artean kriseilua zaindu behar izateak, txandaka, sua itzal ez dadin, komunitatearen ideia sortzen du, «eta horretan parte hartzeak, horren parte sentiarazten gaitu».
Kriseiluaren jaialdia
Iaz egin bezala, aurten ere ikasturte honetako kriseiluaren ibilbidea amaitutzat emateko festa antolatu zuten udalak eta Topaguneak herenegun. Talaiako, Egiluzeko eta Ama Guadalupekoako familia parte hartzaileak bildu ziren Itsas Etxean egin zen ekitaldian. Euskararen erabilera baxuagoa den ikastetxeetan dinamika «oso politak» sortzen direla nabarmendu nahi izan du Lekuonak, «aukera ezberdinak sortzen dira, eta adibidez, kriseilua klasez klase eramaten du irakasleak».
Euskararen transmisioa balioan jartzea, eta denek elkarrekin Euskararen Kriseiluaren aurtengo ibilbidea bukatu dela ospatzea izan zen jaialdiaren xede nagusia.
Belaunaldien artean hauspotua
Euskararen Kriseiluaren jaialdia egin dute egitasmoan parte hartu duten familiek Itsas Etxean. Belaunaldiz belaunaldi, edo txandaka, su hori piztuta mantentzearen garrantzia balioa eman diote.
Euskararen Kriseiluaren 2019. urteko ibilbidea amaierara iritsi da aste honetan, eta hori ospatzeko helburuarekin hamarnaka lagunek bat egin zuten herenegun Euskalzaleen Topaguneak Itsas Etxean antolatutako jaialdian. Eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren, euskararen sua piztuta mantendu zuten, eta horren bueltan goxotasunean bildu ziren hainbat eta hainbat familia hondarribiar, txandaz txanda kriseilua zaindu dutenak, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzearen garrantziaz jabetu direnak.
Laino beltzen mehatxupean kanpoaldean, arratsaldeko 17:30ean hasiera eman zioten ekitaldiari auditorio barruan. Harrera egin eta familia partaideei aretora gerturatu izana eskertu ondoren, Maite Franco ipuin kontalariaren txanda iritsi zen. Behi bati hitz egiten irakastearen gaineko metafora taularatu zuen kontalariak lehenbizi, mu egin edo mutu gelditzearen artean dagoen desberdintasunari erreparatuta. Era dibertigarrian azaldu zuen Francok hitza transmititzearen garrantzia. Ume bat amona bihurtu zuen kontalariak prozesu horretan, publikoaren barre algarak eraginez, eta txikiaren poztasuna agerian utziz peluka txuria buru gainean jarrita.
Maria Serrano Hondarribiko Udaleko Euskara zinegotziak hitza hartu zuen ondoren. Txikienei euskara transmititzea zein garrantzitsua den hizpide izan zuen, eta tankera honetako dinamikek sortzen duten jarrera positiboa balioan jarri.
Publikoa, agertokira
Jaialdiaren bigarren txandari heldu zion ipuin kontalariak Euskara arloko zinegotziaren interbentzioaren ondoren. Beste ipuin bat hasi zuen orduan kontalariak, nork igo nahi zuen oholtza gainera galdetuta. Neska bat agertokira igo ondoren, helduen txanda iritsi zen. Gurasoek, irrikari ezin eutsi, denak batera taula gainera igotzerakoan eskailerak kolapsatu zituzten. Edo hobeto esanda, lotsak jota edo, hainbat bider galdetu behar izan zuen Francok zeinek igo nahi zuen, guraso batek bere burua eskaini zuen arte.
Agertokira igotzeko gonbitak ez zuen etenik izan, eta bertan egoteko gogoa zuen ume orok hala egin zezan galdegin zuen. Oraingoan bai, ume andanak jo zuen eskaileretara —batzuk igo eta jaitsi egin ziren ere, lotsaren lotsez—, eta talde handi bat osatu zuten orduan, txiki zein handi, denak elkarrekin, hizkuntzaren gaineko beste metafora bati heltzeko prest. Elefante buruak, sagu belarriak, eguzkia eta ilargia baliatu zituzten horretarako.
Kriseilu eta kandela txikiak banatu zituzten ipuina amaitzean, piztu eta itzaltzeko botoia zuelako kontent agertu zen mutil txiki bat. Familia argazkia atera zuten suaren zaindariek kontaketa bukatuta, eta krispetak jateko unea iritsi zen, baita kriseilua koloreztatzeko momentua ere. Umeen joan-etorria hasi zen: kriseilua esku artean zutela argazkia atera, irudia momentuan inprimitu, eta etxera eraman zezaketen partaideek.
Kandela txikiak ez bezala, euskarak ez du on-off botoirik, beraz, sua piztuta mantentzea ezinbestekoa da. Egun, konturatu gabe sua elikatzen dutenek, etorkizunean sua zaintzeko ardura izango dute.