Baloiari ostikoka, euskal presoengatik
San Tomas Eguneko Futbito Txapelketa klasikoa berreskuratzeko apustua egingo du aurten Irungo Sarek, mende laurdeneko etenaldiaren ostean. Aurtengoan 24 talde lehiatuko dira, Uranzu pilotalekuan, egun osoz.
Sabela txistorra eta sagardoz lepo betetzeaz gain, kirola egiteko aukera ere izango da aurtengo San Tomas Egunean Irunen. Izan ere, San Tomas Eguneko Futbito Txapelketa historikoa berreskuratu dute, mende laurdeneko hutsunearen ostean. Garai batean bezala, kutsu solidarioarekin emango diete irundarrek hasiera Gabonei: berriz ere euskal presoen aldeko golak sartuko dituzte Uranzu pilotaleku berrian.
Irungo Sarek egin du txapelketa berreskuratzeko apustua. Taldeko kide Odei Eskuderok azaldu duenez, alde batetik, «presoen afera ahalik eta gehien gizarteratzea», eta bestetik, «irundar askoren memorian beti egon den txapelketa hori berreskuratzea» izan da euren asmoa. Txapelketa irundar guztiek barruan nonbait gordetzen dutela nabarmendu dute. «Ikaragarria izaten zen, urte batzuetan 1.000 partaidek jokatzen zuten, 24 orduz etengabe. Gu oso txikiak ginen orduan, baina gogoratzen dugu urtero ilusioz ikustera joaten ginela», gehitu du Sareko kide Iñigo Gebarak.
Garai batekoa erraldoia izan arren, aurtengoak zenbait aldaketa jasango ditu. Hala, udalaren baldintzetara egokituta, gehienez hamar orduz luzatuko dute lehiaketa, eta taldeen kopuruak ere muga du. «Jada 24 taldek eman dute izena, hori da jarri dugun langa. Gehiago apuntatzen badira itxaron zerrenda batean sartuko ditugu», gehitu du Eskuderok. Gaur bertan aterako dute 24 taldeen zerrenda, hortaz, izena eman dutenak adi egon daitezela.
Txapelketa aurkeztu zutenetik, hiru egun besterik ez dituzte behar izan taldeen mugara iristeko. «Oso-oso pozik gaude jendearen erantzunarekin, ikaragarria izan da. Nahiko nostalgikoa izan da askorentzat, jendeak kariñoarekin gogoratzen du txapelketa, eta horrek kuadrilla asko animatu ditu», gehitu du Gebarak.
Talde bakoitzean bost jokalari eta atezain bat ariko dira. Gainera, garai bateko txapelketari keinu eginez, orain dela 25 urteko lehiaketan erabilitako baloi berberekin jokatuko dituzte partidak. Txapelketa 09:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da, etenaldirik gabe. Jokatu ala ez, bertaratzeko deialdia egin dute Saretik: «Giroa, ikuskizuna eta aldarrikapena izango ditugu. Etorri eta parte hartu!».
Udalaren baimenetatik harago, babesle ugari lortu dituztela diote pozik, hiriko merkataritza txikiaren erantzuna ere primerakoa izan dela. «30 jatetxe eta komertziok eman dute laguntza. Sorpresa handia eraman dugu, uste genuen zailagoa izango zela», gehitu du Eskuderok.
Txapela eskuratuko dutenek bezala, lehenengo edizio berri honetan sari berezi bat banatu nahi dute. «Bizikidetzaren alde lan egiten duten norbanako edo eragileak omentzea otu zitzaigun», azaldu du Eskuderok. Hasieratik nori eman «nahiko garbi» zutela azaldu du bikoteak. Hortaz, Irungo Harrera Sareko boluntarioek jasoko dute aurtengoa, egindako lana eskertu eta aitortzeko asmoz.
Festa eguna
Toño Puerta irundarra izan zen txapelketa mitikoaren sortzaileetako bat. Aspalditik Boliviako Amazonia bizi da, baina hainbeste denboraren ostean, oraindik ere nostalgiarekin gogoratzen ditu garai bateko Irungo San Tomas Egunak. «Txapelketa berreskuratzea sorpresa ederra izan da niretzako. Egia esan, nostalgia sentitu nuen albistea jasotzean, eta garai bateko bizipen horiekin harro sentitu nintzen. Asko gustatuko litzaidake datorren astean pilotalekuan egotea», dio.
Lehen txapelketa hura antolatzeko, Irungo euskal presoen senideekin bildu zela kontatu du Puertak, eta lehenengo edizio hartan 47 talde biltzea lortu zutela. Erantzun hura ikusita, eta «gehiago lortzeko gaitasuna» zegoela ohartuta, bigarren edizioan partaideen kopurua bikoiztu, eta hirugarrenean hirukoiztera heldu zirela kontatu du harro. «Antolatzea pentsatu nuenean ez nuen imajinatzen hain erraldoia bilaka zitekeenik».
Lehiaketak berehala hartutako handitasun horren adibide garbia iraupena izaten zen. Orduan, txapelketa ostiral batean hasi eta hurrengo igandean amaitzen zutela kontatu du Puertak, bi asteburu osoz. «48 orduz etengabe baloia alde batetik bestera ibiltzen zen. Festa bat zen finean. Asteburuan zehar, eguneko edozein ordutan harmailak lepo beteta zeuden eta une berezienetan ez zen inor gehiago sartzen», zehaztu du, harro.
Hainbeste oroitzapen ederren artean, une gogorrak ere gogoratu ditu Puertak, bereziki debekuaren urtean bizitutakoak. Udalak egun batetik bestera baimena kendu zuela azaldu du, txapelketa eta festa egun hura debekatuz. «Ezker abertzaleak garai hartan jasandako jazarpenaren testuinguruan gertatu zen debekua. Halere, uste dut udalekoei asko kostatu zitzaiela erabaki hori hartzea, izan ere, politikatik harago, txapelketak kutsu herrikoia zuelako. Ideologia guztietako jokalariek jokatzen zuten», gehitu du txapelketaren sortzaileak.