Ia 600.000 euroko kontratazio irregularrak salatu ditu Abotsanitzek
Montai izan da orain arteko onuradun nagusia 150.000 eurorekin, baina Gabonetako zerbitzuak galdu ondotik udalari mehatxu egin diola azaldu du udal taldeak.
595.337,85 euroko kontratazio irregularrak egin dituela Hondarribiko Udal Gobernuak 2019ko uztailetik gaur egunera arte salatu du gaur goizean Abotsanitzen Udal Taldeak. Kontratazio horien onuradun nagusia Montai enpresa taldea izan dela ere azaldu dute alderdiko kideek, 150.000 eurorekin: Montai Produktuak eta Zerbitzuak SLk 93.000 euro, Kultur Kirol Zerbitzuak SLUk 38.000 euro, eta Estali La Karpa PBSk 18.000 euro.
Ildo horretan, Montai enpresaren arduradun nagusia Aitor Elorza dela adierazi du Estitxu Urtizberea taldekideak agerraldian, «EAJren Aberri Batzarreko kidea, Itsasondoko EAJren zinegotzia 2015etik 2019ra, eta EAJren hautagaia hainbat hauteskundeetan». Are gehiago esan du Urtizbereak: Gabonetako zenbait zerbitzu aurrera eramateko beste hornitzaile bat kontratatzeagatik Hondarribiko Udalari mehatxu egin dio Elorzak.
Hondarribiko BAZ bulegoan udal talde guztiei zuzendutako idatzia erregistratu zuen Montaiko arduradunak azaroaren 29an. Testuaren arabera, Hondarribiko Udalarekin lotutako lanak gauzatzeko kontratatutako lau beharginen lan eskubideak bermatze aldera horiek subrogatzeko galdegin du arduradunak, eta beste enpresa batera bideratutako lanen ondorioz eragindako kalte ekonomikoengatik udalaren kontra egiteko eskubidea gordetzen duela gaineratzen du.
Hamarkada bat dagoeneko
2009. urtean hasi zen Montai «modu irregularrean lanean Hondarribiko Udalarentzat», Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramaileak adierazi duenez. Tokiko gobernuaren jarduteko modua «desegokitzat» jo du, ez baitzaie gainontzeko herritarrei edo enpresei lehiatzeko eskubidea bermatzen; «gizarteari berari eragiten dio modu kaltegarrian», gaineratu du. Eta ez hori bakarrik, «beti enpresa berari lana ematen zaionean lotura ekonomiko bat sortzen da ezinbestean».
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (EAE) jarduteko modu hau agerian utzi zuen 2015ean txosten baten bidez. Izan ere, legearen arabera 3.000 eurotik gorako kontratuak konkurtso bidez esleitu behar dira, eta 15.000 euro baino gehiagokoak –aurreko legearen arabera 18.000 euroak gainditzen dituztenak– kontratazio mahaiaren bitartez erabakitzea ezinbestekoa da.
Egoera erregularizatu aldera hainbat mozio aurkeztu zituen aurreko agintaldian Abotsanitzek. Lehena udalbatzak onartu zuen arren, EAJren udal gobernuak ez zuen bete, eta bigarrena, gehiengo osoa baliatuta atzera bota zuten jeltzaleek. Agintaldi berriarekin jokabidea aldatzea erabaki zuen udal taldeak, eta helegiteak aurkezteari ekin zion. Hala, zerbitzu prestazioarekin harremana duten hamahiru dekretu errekurritu dituzte orain arte, nahiz eta «bakar batek ez duen erantzunik jaso», Enparanek azaldu duenez.
Kontratazio irregularren inguruko guztia gutxi balitz, udal langileen kontratazioan egindakoak gehitu behar zaizkiola aipatu du bozeramaileak. Kasu hau, ordea, aurrerago jorratuko dutela iragarri du.