Gurutz Aginagalde: «Fitxaketarekin Julenen amets bat bete da, baina baita irundar askorena ere»
Jada urtebete eman du irundarrak CD Bidasoa taldeko presidente gisa. Julen Aginagalde anaiaren bueltaz, taldeak egun bizi duen egoera itzelaz, eta etorkizunari begira klubak dituen asmo eta erronkez aritu da atezain ohia.
Azken urtea biribila izan da. Hain denbora laburrean honaino iritsiko zinetela uste zenuen presidentetzara heltzean?
Hasi nintzenean dena kili-kolo zegoen, zalantzan. Aurreko urte bukaeran ikusi genuen taldea oso ondo zegoela, Champions-a jokatzeko pausua eman genuen, eta egia esan, ez genekien nola atera zitekeen dena. Taldeak maila mantentzen jarraitzen du egun, lehengo urtea bukatu zuen maila berean, nahiz eta Champions-a jokatzen aritu ere. Hortaz, oso-oso pozik gaude, baina guk gure lanean jarraitu behar dugu. Etorkizuneko oinarriak ezarri, arlo ekonomikoan klubari buelta ematen jarraitu, harrobiarekin lana indartu, gertuko taldeekin ere harremanak hobetzen jarraitu… Bide horretan goaz. Poliki-poliki etorkizuneko taldearen oinarriak ezartzen ari gara. Urte polita izan da pertsonalki, zorionez dena nahiko ongi joan da.
Gainera, urteurrena ospatzeko albiste onena oparitu diezue irundarrei. Azkenean hainbeste amestutako argazkia izango dute: Gurutz presidentea Julen Aginagalde jokalaria aurkezten.
Uste dut albiste oso ona dela. Estebani [Salinas] lehenbailehen jakinarazi nahi izan genion taldea uzteko eskumena zuela, berak ere aukerak eduki ditzan erabaki pertsonal onena hartzeko. Kasualitatez, nire lehenengo urteurrenarekin heldu da Julenen fitxaketa, eta bai, sekulako albistea izan da. Alde batetik, kirol esparruan aurrera pausu handia dela uste dut. Gero ere, erakunde, babesle eta bazkideen artean ilusio handia sortu duen fitxaketa da, normala den bezala. Horrek ere laguntzen du. Nik uste dut orain arte egiten ari garenean beste pausotxo bat dela, fitxaketak egiten ari garen lan hori sendotuko du.
Munduko pibote ofentsibo onenaz ari gara. Dena irabazitakoa da Julen. Anbizio horrek uste duzu eragina izango duela aldagelan ere?
Zalantzarik gabe, horrelako jokalariek beti dakarte irabazle kutsu hori eta horrek asko laguntzen du. Hori ere kutsatzen da, modu batera ala bestera, eta horrek lagunduko du taldean, ziur. Julenen fitxaketak gauza asko dakartza. Goi mailako jokalari bat lortu dugu, eta nahiz eta adin bat eduki, oraindik ere eskaintza oso garrantzitsuak zituen. Bidasoarengatik apustua egin izana oso garrantzitsua da guretzat. Berak hauteskunde garaian ginenean esan zuen kondizio batzuk eman behar zirela bera hona etortzeko. Bada, guk ere lortu dugu gure aldetik kondizio horiek eman ahal izatea. Klubak buelta ematea egoera ekonomikoari, etorkizunari begira handitzen joatea… Eta beno, egoera horiek eman dira. Julen ezin zen etorri edozein preziotara, eta prezio esaten dudanean, ez nahiz ekonomikoaz ari. Klubak ezin zuen dena kili-kolo jarri Julen ekartzegatik. Julenen fitxaketa plus bat izango da datozen urteei begira, ilusio handia ekarriko duena.
Argi zuen Julenek bere ibilbide profesionalari etxean eman nahi ziola amaiera?
Bai, betidanik hori aitortu dit, gustatuko litzaiokeela bere ibilbide profesionala Irunen bukatzea. Bere amets bat betetzen da fitxaketarekin, baina guretzat eta irundar askorentzat ere amets bat bete da Julen bezalako jokalari baten bueltarekin, beraz, biribil irten da dena.
Modu pertsonalean, gainera, berezia izango da anaiaren buelta, ezta?
Noski baietz. Bai anai bezala, bai bazkide bezala, eta bai lehendakari bezala. Niretzat notizia oso ona da, alde batetik anaia etxera itzultzen delako, eta bestetik, bazkide bezala jokalari oso-oso garrantzitsu bat Bidasoara datorrelako. Lehendakari bezala ere, ikustarazten duelako egiten ari garena ongi dagoela eta ondo doala, egoerak eta baldintzak eman direla kalitate pausu hori eman ahal izateko.
«Aurtengo denboraldia ikusita, ezin zaio taldeari gehiago eskatu»
25 urteren ondoren Europara itzuli zarete, eta nola gainera…
Bai. Hasiera batean zalantzak izan genituen, izan ere, taldean ez genuen Europan aritutako jokalaririk. Zalantza horiek suertatzen dira hainbeste urte eta gero. Baina taldeak oso-oso ongi egin du dena, gure asmoa gozatzea zen, eta gozatze horrek ekarri digu taldeak kutsu lehiakor hori edukitzea. Eta ez gara bakarrik lehiakorrak izan. Izan ere, partida asko irabazi ditugu eta lehen postuan gaude gainera. Taldeari ezin zaio gehiago eskatu.
Taldearen dinamika ikusgarria ikusita, zein izan daitezke aurtengo denboraldirako erronkak?
Champions-en datorren errondan egotea guretzat ja amets bat da, eta gozatu beharreko unea iritsi da. Wisla Plock bezalako talde indartsua dator, badakigu gure aukerak murritzak direla, eta oso zaila izango dela hurrengo kanporaketara pausua ematea, eta beraz, gozatu behar dugu. Helburu txiki bezala, txiki baina garrantzitsu bezala, datorren urtean Europan lehiatzeko txartela eskuratzea dugu berriro. Uste dut garrantzitsua izango litzatekeela behin iritsita hor mantentzea. Etorkizuneko proiekturako oso garrantzitsua izango da Europan jarraitzea.
Cuetara , Serrano, Kauldi, Azkue… Berritzeekin zimendu indartsuak ezarri dituzue etorkizunerako. Datorren urtea ere ilusionagarri dator.
Bai, alde batetik taldea honaino ekarri duen entrenatzailea berritzea beharrezkoa ikusi dugu. Albiste oso ona da hori ere. Bestetik, hain ongi jokatzen ari diren etxeko jokalariak mantentzea eta hauen inguruan proiektua sendotzea funtsezkoa da guretzat. Beraiekin kontatu ahal izatea luxua da, hortaz, uste dut zuzendaritzako kideak eta zaleak oro har oso pozik daudela albiste hauekin.
Berriz ere ilusioa itzuli da Artalekura. Zer sentiarazten dizu Artaleku garai batean bezala lepo ikusteak?
Ederra da Artaleku goraino ikustea, izugarria edozein zalerentzako. Champions-eko partidetan etortzen diren arbitro, epaile, delegatu eta jokalari guztiak txundituta geratzen dira Artalekun ikusten den giroarekin. Guretzat hori ohore handia da, harro egoteko modukoa. Gainera, poliki-poliki gero eta jende gehiago dator, zaleen kopurua asko handitu da azken hilabeteotan. Orain, momentu honetan, 50 bat lagun ditugu zerrenda batean itxaroten bazkide egiteko, orduan, nik uste handitzen goazela, ez talde bezala bakarrik, baizik eta orokorrean. Horiek ere badira etorkizunerako oinarri garrantzitsuak.
Etorkizunari begira, presidente gisa, ametsik bai?
Ametsa hazten jarraitzea da, gustatuko litzaidake inguruko taldeekin eta Gipuzkoako taldeekin aurten hasi ditugun kolaborazioek fruituak ematea etorkizunean. Lurraldeko eta inguruko jokalariak Artalekura ekartzen ditugu entrenatzera. Eta gustatuko litzaidake etorkizun batean horietako bi edo hiru jokalari, adibidez, lehen taldean egotea, hasi berri dugun lan honen fruitu bezala. Dinamika berean jarraitzea da ametsa, baina gustatuko litzaiguke dinamika horretan hemengo jokalari berriak sartu ahal izatea. Hitz egiten ari gara hemendik 5-6 urtera; baina behintzat orain ereiten ari garen horrek fruituak eman ditzala.
«Kanpotik datozen guztiak txundituta geratzen dira hemengo giroarekin»
Ate bat zaintzetik talde bat zaintzera pasatu zara egun batetik bestera. Zer suposatu du aldaketa horrek zuretzat?
Erantzukizuna asko aldatu da. Atezain izatea ardura handia da, eta presidente bezala pausua ematea are eta gehiago. Orain ez naiz nire buruaz bakarrik arduratzen, jende asko dut atzetik: harrobian ia 200 haur ditugu, 1.450 bazkide, talde profesional bat… Horrek jende askoren begietan zaudela esan nahi du, eta erantzukizun oso handia da. Baina azkenean pentsatzen dut eskubaloiari ere itzuli behar niola era batean ala bestean bizitza honetan eman didan guztia, eta aukera bikaina iruditu zitzaidan eskubaloia utzi eta modu honetan laguntzea.
Gutxik esan dezakete 24 urtez profesional gisa aritu direla…
Bai, oso gutxik uste dut, ikaragarria da niretzat. Espainian agian beste dozena erdi bat jokalarik bete dituzte hainbeste urte jokatzen, ohore bat da horien artean egotea.
Ibilbide luzetik, zein unerekin geratzen zara?
Bi agurrekin. Hemen, 10 urte eman nituen Bidasoan, beste 14 Logroñon, eta bi lekuetan emandako agurra oso-oso beroa izan zen. Bietan sorbaldan hartu ninduten, eta bi kantxatik pare bat buelta eman zizkidaten. Jendearengandik jaso dudan errespetua eta maitasuna oso berezia izan da.
Bidasoaren kamiseta beste behin janzteko gogoz geratu zara?
Betidanik anaiak eta biok esan dugu gustatuko litzaigukeela biok elkarrekin hemen bukatzea. Nire kasuan ezin izan da zelaian izan, horrek bai ekartzen didala… ez dakit… tristura den edo amets bat bete ez izan horrek dakarrena, baina orain aurrera begiratu behar da. Ezinezkoa izan da kantxan elkarrekin bukatzea, baina klub berean amaitu dugu. Nahiz eta zelaian ez izan, aukera bikaina izango da biontzat gure bihotzeko taldean elkartzea.
Nola erabaki zenuen golak sartu beharrean baloi horiek gelditu nahi zenituela?
Hasiera batean futbolean jokatzen nuen atezain bezala, baina nik golak sartu nahi nituen, ez bakarrik jaso. Egun batean eskubaloi taldeko atezainak ezin izan zuen jokatu, eta futbolaren mundutik atezain gisa nentorrenez, egun batez hor jartzea eskatu zidaten. Probatzera joan nintzen, eta begira nondik, ordutik, 27 urte eman ditut atezain bezala. Horrela suertatu zen, eta egia esan ez naiz damutzen. Oso-oso postu berezia da, psikologikoa, taktikoa. Atzetik lan handia dago, eta egia esan asko betetzen nau postuak.
Beste modu batera ikusten da eskubaloia palkotik?
Bai, erabat ezberdin. Zelaian zure lanaz arduratzen zara, horretan zaude bakarrik, besterik gabe buruan, eta palkoan egia esan buruhausteak beste batzuk dira. Lehen, partida eguna egunik mugituena izaten zen, eta orain ziur asko egunik lasaienak dira. Momentu hori jokalariena da; guk, berriz, lasai egon behar dugu eta jokoaz gozatu. Hori da berezitasun nagusia. Jokalari bezala partida aurrekoa momenturik zirraragarriena zen, arduratsuena, eta lehendakari bezala gutxienekoa da.