Beganismora gonbita
Jatorri begetaleko produktuek izango dute protagonismo osoa Ficobako Be Veggie azokan; animalien esplotazio ezan, iraunkortasunean eta osasunean ardaztutako ekitaldia izango da.
Be veggie! Horixe izango da Ficoba erakustazokan asteburuan zehar bildutako 60tik gora erakusketarik bisitariei transmititzen saiatuko diren mezua: Izan beganoa! Elikadura aukera hau jarraitzea erabakitzen dutenentzako elkargunea izan nahi du azokak batetik, eta jakin-mina dutenen artean informazioa banatzeko helburua du, bestetik.
Lehen aldiz antolatuko du Ficobak tankera honetako ekitaldi bat. Monica Alday da Ficobako Azoken zuzendaria, eta azaldu duenez, data hauetan Gabonetako Azoka antolatu ohi zuten. Hala ere, «ibilbidea bete zuela» iritzita, bukatutzat ematea erabaki zuten. Hutsune hori zerekin bete aztertzen ari zirela ohartu ziren beganismoaren inguruko interesa eta kezka hazten ari zela. Gizarteak eta sektore profesionalak gai honen gainean zer nolako ikuspegia zuten ikertzen hasi, eta gabeziak ikusita, enpresa, elkarte eta eragile ezberdinekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
Abiapuntua finkatuta, azoka honen lehen ekitaldiari heldu zioten, eta ez dute soilik beganoei zuzenduta izatea nahi, areago joan nahi du: «Ez da beganoei soilik zuzendutako azoka, beganoentzako egokiak diren produktuak egongo dira, %100ean jatorri begetala dutenak, baina orokorrean, edozein pertsona dago gonbidatua azokara etortzera», azaldu du Aldayk.
Hori horrela, beganismoaren hiru printzipioak uztartuko ditu Be Veggiek: ingurumenaren iraunkortasuna zaintzea, animalien esplotazioa ekiditea, eta osasunarentzako onuragarriak diren jaki eta produktuen kontsumoa bultzatzea. Hiru zutabe horietan ardaztuko dela dena zehaztu du Aldayk, tartean hitzaldiak, jarduera osagarriak, elikagaiak, kosmetika produktuak eta moda desfileak direla.
«Berezia» izango da azoka, Aldayren iritziz, «lehen aldiz egiten dugulako eta sektorea, oraindik ere, txikia delako». Txikia izateak, halere, ez du esanahi oihartzunik ez edukitzea, eta onartu duenez, gizartean interesa pizten duen gaia da. Are gehiago kontuan hartuta Madrilgo Klimaren Gailurrarekin eta Greta Thunberg aktibista gaztetxoak sortutako zurrunbiloarekin bat egingo duela ekitaldiak. Ñabardura bat egin nahi izan du horren inguruan Aldayk, eta Ficoban iraunkortasunaren aldeko apustua berretsi du: «Guk antolatutako ekitaldi asko ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotuta daude. Baina ez hori bakarrik, Ficobaren proiektua bera iraunkortasunaren aldekoa da; energia iraunkorra erabiltzen dugu eta gure ekitaldietan martxan jarritako neurri asko ere iraunkortasunaren ikuspegitik hartzen dira».
Gaur egun, Kantauri itsasoaren inguruan egiten den azoka begano bakarra da Be Veggie, eta gaiak pizten duen interesari erreparatuta Bidasoaren bi aldeetako bisitariak erakarriko dituela sinetsita dago Alday.
Beganismoaz informatzera edo produktu beganoak bereganatzera gerturatzen direnak gaurtik igandera bitartean egin dezakete, 11:00etatik 20:00etara gaur eta bihar, eta 11:00etatik 16:00etara etzi. Sarrera debalde da, eta aparkalekua ere doakoa izan arren, «benetan iraunkorra» dena Euskotrenen topoaren bidez gerturatzea dela oroitarazi nahi izan die arduradunak interesdunei, «geltokia hemen bertan baitago».
Egitarau osoa bertan kontsulta dezakete interesdunek.