Euskararen Eguna dela-eta adierazpen bateratua argitaratu du udalak
Euskararen sustapenerako martxan jarritako bide berriak eta modu berriak nabarmentzen ditu udal talde guztiek onartutako testuak.
Hondarribiko Udala osatzen duten talde guztiek adierazpen instituzional bateratua sinatu dute abenduaren 3an egingo den Euskararen Egunaren harira. Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera izenburupean argitara eman dute idatzia, eta irekitako aukera berriak balioan jartzen dituzte. Izan ere, «ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen iazko gizarte ariketa arrakastatsuak euskal hiztunak», dio testuak, «estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestutasuna aktibatuz».
Hori horrela, orain arte «bide luzea» egin duela euskarak nabarmentzen dute, baita «hiztunok eta euskaltzaleok» ere, «etorkizuna irabazteko etengabeko ahaleginean». Gizartearen erantzuna erronka honen aurrean ere «sendoa» dela irizten dio testuak, eta hori guztia kontuan hartuta, ospatzeko zerbait badela «Euskararen Nazioarteko Egun honetan ere» uste dute.
Euskararen Eguna: Adierazpen Instituzionala osotasunean bertan irakur daiteke.